‘Errio’ dokumentalaren estreinaldia kiroldegian egingo da, ostiralean

Proiekzioa Herriko Plazan egitekoa zen, baina, eguraldiaren iragarpena ikusita eta saioaren iraupena kontuan hartuta, kiroldegian egitea erabaki du Udalak, erosoago izateko. Udalak sustatu du Errio dokumentala, Orioko itsas ondareari balioa emateko.

Emanaldia 22:00etan hasiko da, eta filma proiektatu ostean, lantaldeko kideekin hitz egiteko eta galderak egiteko tartea izango da. Kiroldegian izango dira Ibon Gaztañazpi zuzendaria, Nagore Urdapilleta protagonista eta Beñat Gereka argazki-zuzendari eta muntatzailea. Dokumentalak ordubeteko iraupena du, eta saioak, guztira, bi ordu inguru iraungo du.

Sarrera librea da, eta gonbitak turismo-bulegoan hartu daitezke. Gainera, herriko eragileak ere gonbidatu ditu Udalak aurkezpenera, eta izen-emate galdetegi bat prestatu du asistentzia konfirmatzeko. Orain arte 400 lagunetik gorak eman du izena, eta gainerako herritarrei ere bertaratzeko dei egiten die Udalak, saio ederra izango baita!