Orioko curriculuma aurkezteko ekitaldia izango da ostiralean kultur etxean

Datorren ostiralean, ekainak 12, Orioko Curriculuma Sortzen elkarteak ekitaldi irekia antolatu du kultur etxean, 18:30ean hasita, azken hiru urteotan egindako lana jendaurrean aurkezteko.

Orioko Curriculuma Sortzen taldeak herriko hainbat eragile biltzen ditu, hezkuntzaren munduarekin interesa dutenak. Taldea azken urteotan herriko curriculuma sortzeko lanean aritu da, prozesu parte-hartzaile baten bitartez. Prozesu horren fruitu, hainbat dokumentu sortu ditu, nolabait definitzen dutenak Orioko gazte batek, derrigorrezko eskola-aldia bukatzen duenean, bere herriari buruz jakin behar lukeena; eta, hain zuzen ere, dokumentu horien aurkezpena egingo du ostiraleko ekitaldian. Lan horretan Orioko Udalaren laguntza izan du elkarteak.

Ekitaldia irekia da eta, beraz, antolatzaileek bertaratzeko deia egiten diete gaiarekin interesa duten guztiei. Ekitaldia lagun giroan bukatzeko, pintxo batzuk ere izango dira aurkezpenaren ondoren.