Albisteak
Udalaren adierazpena, sare sozialetan zabaltzen ari den mezuaren harira
Asteburuan neska gazte talde batek bizitako gertakariaren berri izan du Udalak eta dagokion prozedura abiarazi du.
Hau ez da beldurra sortzen duten mezuak zabaltzeko unea, baizik-eta elkarrekin saretzekoa, herri izatekoa. Beraz, jokatu arduraz zabaltzen dituzuen mezuekin.
Edozein behar edo zalantzaren aurrean, jarri harremanetan udaltzaingoarekin edo Ahalduntze Eskolarekin.
Udalaren lehentasuna da indarkeria matxistarik gabeko herri baten alde jardutea, eta horretan ari gara.
Aste Santuan hiru bisita gidatu antolatu ditu turismo-bulegoak
Orioko itsas ondarean sakontzeko bisita gidatuek jarraipena izango dute Aste Santuan, apirilaren 14an, 16an eta 17an saio bana programatu baitu turismo-bulegoak. 11:00etan Pilliku plazatik aterako dira, turismo-bulegoaren paretik, eta Kale Nagusian barrena, herriko historiaren pasarte esanguratsuenak azalduko ditu gidak ordubeteko saioan. Osteguneko eta igandeko bisitak euskaraz izango dira, eta larunbatekoa gaztelaniaz.
Aste honetan ez da azokarik izango
Datorren osteguna, apirilak 14, jaieguna da, eta ez da ostegunetako ohiko azokarik izango. Honenbestez, hurrengo azoka-eguna hilaren 21ean izango da.
Ekainaren 1ean jarriko da indarrean Aparkalekuen Ordenantza berria
Herriko trafikoa antolatzen eta hobetzen laguntzeko asmoarekin, Aparkalekuen Ordenantza berria landu du Udalak azken hiletan, herriko eragileekin elkarlanean. Martxoko udalbatzarrean onartu zuten behin-betiko dokumentua, eta ekainaren 1ean jarriko da indarrean. Orio eta Aiako herritarrek etxean jasoko dute egun hauetan horren berri ematen duen eskuorria.
«Oriotarrak Pizkunde garaian» hitzaldiaren bideoa ikusgai dago
Errioa, gure nortasuna hitzaldi-sortaren bigarren saioa martxoaren 30ean egin zuten Arraunetxen. Iosu Etxezarraga Historian doktoreak XVI. mendeko gizarte-egitura izan zuen aztergai, Oriotarrak Pizkunde garaian: XVI. mendeko euskal kostaldeko gizartearen ikuspegi bat izenburupean. Garaiko testuingurua azaltzeaz gain, arreta berezia jarri zuen genero-rolen inguruan.
Herriko sarrera itxita egongo da bihar goizean
Egoera txarrean dagoen Endaia kaleko arketa bihar goizean, apirilak 8, konponduko dute. Horregatik, kalea itxita egongo da 8:30etik 15:00etara eta, herrira sartzeko, Hondartza-Txanka bidea erabili beharko da. Barkatu eragozpenak.