Aza03

12:30

Igande honetan hasiko da, Orion, Itsas Zaporeak ekimena

Lekua: Orioko Barra jatetxea

Antolatzailea: Urola Kostako Udal Elkartea

Traducir al español

Azaroan, igandero eskainiko dira Urola Kostako esperientzia gastronomikoak Udal Elkarteko bost herrietan.

Donostiako Euskal Itsas Museoan aurkeztu zen ekimena urriaren 29an, asteartearekin, eta bertan izan ziren Iker Goiria (Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismoko zuzendaria), Lourdes Salsamendi (Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria), Xabier Alberdi (Euskal Itsas Museoko zuzendaria) eta Edurne Echeverria (Urola Kostako Udal Elkarteko turismo-teknikaria).

Esperientzia gastronomikoak, erdi prezioan

Esperientzia gastronomiak erdi prezioan eskainiko dira eta, horietan parte hartzeko, izena eman behar da aldez aurretik, turismo-bulegoetan. Gehienez, 15 lagunek parte hartu ahal izango dute esperientzia bakoitzean eta 12 urtetik beherako haurrek ez dute ordaindu beharrik izango.

Aurten, gainera, esperientzia gastronomiko guztiak eskualdeko itsas ondarearen gaineko kontakizunekin jantziko dira.

Igande honetan, azaroak 3, hasiko da ekimena, Orion eta Zarautzen. Ondoren, azaroko igande guztietan izango da parte hartzeko aukera: 10ean, Zumaian; 17an, Aian; eta 24an, Getarian. Irudian ikusi daitezke xehetasun guztiak (egunak, tokiak, izena emateko telefonoa…).

Kosta Gastronomika ekimena

Kosta Gastronomika ekimena Urola Kosta eskualdeak gastronomiaren arloan duen aberastasunean oinarritzen da. Eskualdeko gastronomia sustatu eta balioan jartzeko 2015. urteaz geroztik egindako turismo mailako lanketa estrategikoaren emaitza da. Mundu zabalean aitortutako ospea duten eta goi mailako kalitatea duten produktuak enbaxadoretzat hartuta, Kosta Gastronomikaren bitartez bertako produktuak balioan jarri eta parte-hartzaileei esperientzia ahaztezinak bizitzeko aukera eskaintzen zaie.

Lourdes Salsamendi Urola Kostako Lehendakariak prentsaurrekoan adierazi duenez, “ekimen arrakastatsu zein egonkorra” da Kosta Gastronomika: “Azken 5 urteetan gorpuztutako turismo-eskaintza da. Urtez urte egitasmoa landu eta garatu eta hobetzen joan ahala, pozez diogu: harrera ezin hobea du bai eskualdeko herritarren aldetik; baita gurera datozen kanpoko bisitarien aldetik ere”.

Aurreko urteetan asteburu bateko eskaintza izan dena, hilabete osora zabaldu da, indartsu, egitasmoa. Eta, gainera, azaroan egin nahi izan du Udal Elkarteak, turismo-alorreko eskaintza urte osokoa izan dadin nahi duelako.

Gastronomiaz gain, itsas nortasuna eta tradizioa

Eskaintza hilabete batera zabaldu ez ezik, gastronomiaz haratago doan proposamena da aurtengoa. Izan ere, eskualdeko itsas ondarea du oinarri ekimenak. Urola Kostan itsasoari begira garatu bada bizimodua, horren adierazle da gastronomia; baina baita hainbat ohitura, tradizio eta bestelako ere. Horri guztiari egin nahi izan zaio keinu “Itsas Zaporeak” goiburu hartuta: gastronomiaren eta itsas ondarearen arteko bidegurutzetik, eskualdearen potentzialitateak baliatu eta elkarlanean, lankidetzan bailara eraikitzeko beste urrats estrategiko gisa.

Leire Otero historiagilea ibiliko da gidari lanetan esperientzia gastronomiko guztietan; itsas ondareari etengabeko erreferentziak eginez; jan edanez gain, partaideek ezagutu ditzaten eskualdeak bere-berezkoak dituen hainbat istorio, bitxikeria eta tradizio. Balio-erantsi nabarmena emango zaie esperientzia gastronomikoei; itsas zaporez zipriztindu eta eskualdearen izaera eta ondarea lehen lerrora ekarrita.

Bost herri, bost esperientzia gastronomiko

Hauek dira herriz herri antolatu diren esperientzia gastronomikoak:

Orio: Bisigua Orio Estilora!
Bisigua Orioko estilora prestatzeko sekretu gutiak ezagutuko dira bisitan; eskualdeko erretegietako sukaldari maisuen eskutik. Errezeta aski ezagunaren historia eta jakingarri guztiak erakutsiko dira; usain eta zapore ahaztezinenekin, bisigua probatzeko aukera izango da txakolinarekin lagunduta. Eguerdiko 12:30ean hasita, ordubete inguruko esperientzia izango da; erdi-prezioan (17€).

Zarautz: #Txotx! Esperientzia
Inguru paregabeaz gozatzearekin batera, sagardoa dastatu eta bere historia zirraragarria ezagutzeko aukera. Eguerdiko 12:00etan hasita, erdi-prezioan (6€). Beharrezkoa da norberaren ibilgailua bertaratzeko.

Zumaia: Euskal baserriaren sekretuak
Nolakoa da eguneroko bizimodua euskal baserri batean? Ezagutu bertatik-bertara baserriko bizilagun eta animalien egunerokotasuna. Sagardoa eta gazta dastatzeko aukera eskainiko da. Beharrezkoa da norberaren ibilgailua bertaratzeko eta esperientzia egokia da familian bizitzeko. Eguerdiko 12:00etan hasiko da. (5€).

Aia: natura eta kalitaterik oneneko gaztak
Aiak baldintza eta ezaugarri paregabeak ditu kalitatezko behi, ahuntz nahiz ardi gaztak egiteko. Artzain eta gaztagileen eskutik ekoizpen prozesua ezagutuko da. Gaztarekin batera, bertako sagardoa ere dastatzeko aukera izango da. Eguerdiko 12:30etatik aurrera. Familientzako esperientzia egokia da eta bertaratzeko beharrezkoa da ibilgailua (6€).

Getaria: Itsas esperientzia
Itsas kontserbak nola egiten ikusi eta ikasteko aukera ezin hobea da. Bisitarekin batera, antxoa, hegaluzea eta txakolina dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Goizeko 11:00etan hasiko da bisita gidatua. (11€)

ItsasZaporeaAurkezpena19

Webgune honek cookie propioak eta besteenak erabiltzen ditu, nabigazio zerbitzuak hobetzeko asmoz. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookieen politika onartzen duzula ulertuko dugu.