Aza25

11:30

Ikastetxeek elkarretaratzea egingo dute Orion azaroaren 25ean, Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela-eta

Lekua: Kultur etxearen aurrean

Antolatzailea: Orioko Udala, Zaragueta eskola, Herri Ikastola, Zingira eskola eta Ahalduntze Eskola

Traducción automática al castellano

Orioko Zaragueta eskolako, Herri Ikastolako eta Zingira eskolako haur eta gaztetxoek (LH1etik DBH4ra bitartekoek), irakasleek eta gurasoek elkarretaratzea egingo dute kultur etxearen aurrean azaroaren 25eko goizean.

11:30ean egingo da elkarretaratzea. Kultur etxearen aurrean bilduko dira ikasle, irakasle eta gurasoak eta, ondoren, hiru ikastetxeetako gazteek gelan landutako bertso batzuk kantatu eta agiri bat irakurriko dute kultur etxeko balkoitik, indarkeria matxistaren kontra agertzeko eta tratu onak aldarrikatzeko. Segidan, gaiari buruz Rosi Lazkano bertsolari oriotarrak eskualde osoko ekitaldietan erabiltzeko sortu dituen bertsoak kantatuko dituzte bertan bildutako guztiek.

Hamar ikasmailetako ikasle guztiek parte hartuko dute elkarretaratzean: guztira, 700etik gora haur eta gaztetxok. Etorri nahi duten guraso eta herritarrak ere ongietorriak izango dira.

Parte-hartzaileei soinean kolore moreko zerbait jantzita eramatea eskatu diete antolatzaileek.

Ekimen hau modu bateratuan antolatu dute Orio, Aia, Zarautz, Getaria eta Zumaiako udalek eta ikastetxeek, Zarauzko Berritzeguneak koordinatzen duen Hezkidetza Foroaren baitan. Orioko Ahalduntze Eskolak ere bat egin du ekimenarekin.

Tratu onen aldeko aldarria zabaldu

Ekimenaren helburu nagusia indarkeria matxistaren kontrako eta tratu onen aldeko mezua zabaltzea da. Indarkeria matxistak forma asko hartzen ditu eta gure gizarteak duen arazo larrienetako bat da. Ezinbestekoa da gaiari buruzko gogoeta egitea kalean, etxean eta ikastetxean, eta, horretarako, nahitaezkoa da gaia plazara ateratzea eta herritarrak arazoaz jabetzea. Horretan lagundu nahi dute ekitaldi hau elkarrekin antolatu duten talde eta erakundeek.

Gaia eskoletan landu

Egun bakarreko ekimena izan ez dadin, Orioko ikastetxeetako haurrek gaia landu dute gelan egun hauetan, maila bakoitzari dagokion eran.

Udalak eskerrak eman nahi dizkie ikastetxeei, gai garrantzizko hau elkarrekin lantzeko egiten duten esfortzuagatik eta erakusten duten inplikazioagatik.

 
 

Webgune honek cookie propioak eta besteenak erabiltzen ditu, nabigazio zerbitzuak hobetzeko asmoz. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookieen politika onartzen duzula ulertuko dugu.