Aza12

19:00

Mintzalagun programaren ikasturte hasierako ekitaldia izango da Zarautzen azaroaren 12an: «Euskañolitis»

Lekua: Zarauzko Antoniano aretoa

Antolatzailea: Urola Kostako Udal Elkartea eta AEK

Traducción automática al castellano

Aurtengo Mintzalagun programa martxan da dagoeneko eta, ohi bezala, ikasturte hasierako ekitaldi bat egingo da parte-hartzaileentzat. Ekitaldia Zarautzen izango da oraingo honetan, Antoniano Aretoan. Ostegun honetan izango da, azaroaren 12an, 19:00etan hasita.

«Euskañolitis» izeneko bakarrizketa eskainiko du Oihan Vegak. Bakarrizketa dibertigarri eta ironikoa da; gonbita umoretsu bat, jendeak euskararen erabileraren inguruko gogoeta egin dezan.

Izena aldez aurretik emanda

Covid-19aren hedapena saihesteko helburuarekin, eta indarrean dauden neurriak betez, aurtengo ikasturte hasierako ekitaldira Mintzalagun programan izena eman duten zarauztarrek baino ezin izango dute gerturatu. Zarauzko Udal Euskaltegiko ikasleek ere aukera izango dute emanaldiaz gozatzeko.

Ekitaldira joan nahi dutenek aurrez eman behar dute izena 625 485 215 telefonora deituta.

Bi talde Orion, oraingoz

Urrian egin da izen-ematea eta taldeak osatuta daude dagoeneko: 15 talde osatu dira (Zumaian 1, Orion 2 eta Zarautzen 12) eta, guztira, 55 pertsona ari dira euskara praktikatzen. Kopuruak iazkoak baino txikixeagoak dira, baina, kontuan hartuta bizi dugun pandemia-egoera, azpimarratzekoa da horrenbeste jendek erakustea gogoa ekimenari eusteko eta euskara praktikatzen segitzeko.

Taldeak biltzen hasita dauden arren, oraindik eman daiteke izena eta, jendea juntatzen bada, talde berriak ere abiatu daitezke. Izena emateko edo informazioa jasotzeko, telefono eta helbide hauetara jo dezakezue:

  • Urola Kostako AEK euskaltegia
  • Telefonoz: 625 485 215
  • Emailez: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.

Online ere bai

Aurtengo ikasturtean, gainera, berrikuntza bat izango du ekimenak. Urruntze sozialeko neurriak direla eta, zaildu egin da taldeetan elkartzea. Horregatik, aurtengo ikasturtean ekimenean online parte hartzeko aukera eskainiko da. Funtsean, mantendu egingo da programaren dinamika; alegia, euskaraz dakiten pertsonak (bidelagunak) euskara ikasten ari direnekin (bidelariak) elkartuko dira, baina nahi izatera ordenagailu, tablet edo telefono bitartez, online.

Webgune honek cookie propioak eta besteenak erabiltzen ditu, nabigazio zerbitzuak hobetzeko asmoz. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookieen politika onartzen duzula ulertuko dugu.