Kimua dantza-kolektiboaren ikuskizuna izango da abuztuaren 18an, asteazkenarekin, Orioko plazan. Emanaldia 19:30ean hasiko da eta doan izango da.

Dantza-ikuskizunaz gozatzeko, aulkiak jarriko ditu Udalak plazan, kiosko azpian, distantziak-eta errespetatuta.

«GenEroa» dantza-ikuskizuna

Genero-ikuspegiari buruzko lanketa da «GenEroa» ikuskizuna, originala eta berritzailea. Dantzaren bidez, gorputzaren mugimenduak gidatuta, ikuskizunak aukera ematen du bizitzan hartzen ditugun edo ezartzen dizkiguten rolez ohartzeko. Benetan askeak bagina, nola mugituko ginateke? Nola dantzatuko genuke? Eta ikuslea, ausartuko al da lehen dantza-pausoa ematera? Loturak puskatzera? Benetan aske izatera?

Ikuskizunak bi zati ditu: dantza-emanaldia eta mediazio partehartzailea. Kimua dantza-kolektiboko sei dantzarik eta Ekaitz Goikoetxea bertsolari eta idazleak hartuko dute parte ikuskizunean. Hainbat koreografia interpretatuko dituzte eta dantzekin batera, musikek, zuzeneko errezitaldiek, bertsoek, off-eko ahotsek, trantsizioek eta hainbat baliabide materialek osatuko dute ikuskizuna.