Bilera ostegun honetan izango da, irailak 16, Arraunetxeko aretoan, 18:00etan hasita.

Herriko talde eta elkarte guztiak zuzenean gonbidatu ditu Udalak parte hartzera eta, horiez gain, bilera irekia izango da, gaiarekin interesa duten guztientzat.

Bilera horren bidez, Udalak berdintasunaren alorrean egingo duen lanketa azaldu nahi die herriko eragileei eta, aldi berean, beren ekarpenak jaso.

Galdetegia betetzeko eskaera

Gaiarekin lotuta, inkesta edo galdetegi bat betetzea eskatu die Udalak herritarrei, berdintasun-planerako datuak biltzeko. Inkesta hori online betetzekoa da eta horren emaitzak baliagarriak izango dira gaur egungo egoeraren diagnosia egiteko.

Galdetegia betetzeko deialdia egin zien Udalak herritarrei aurreko astean eta batzuek dagoeneko egin dute. Oraindik bete ez dutenek link honetan egin dezakete:

https://labur.eus/Orio2021

Galdetegiaren helburua oriotarren bizipen eta iritzi pertsonalak modu anonimoan jasotzea da. Bildutako erantzunak konfidentzialtasun osoz tratatuko dira.

Inkesta betetzeko minutu gutxi batzuk behar dira eta onena oraintxe bertan egitea da :-) Nolanahi ere, inkesta betetzeko linka operatibo egongo da irailaren 15a arte.

Zer da berdintasun-plan bat?

Berdintasun-plana neurri-sorta bat da, bermatzen duena emakumeek eta gizonek aukera berak dituztela alor guztietan. Neurri-sorta hori bezain inportantea da, ordea, berdintasun-plana osatzeko prozesua. Prozesuan prestakuntza-saioak, lansaioak eta bilerak antolatzen dira, berdintasunerako bidean ezinbestekoak diren gaiak lantzeko: soldata arrakala, bereizketa bertikala eta horizontala, sustapenerako aukerak, beirazko sabaia, indarkeria, jazarpen sexistak, eta abar. Berdintasunean bizi garela uste dugu maiz, baina, gaian pixka bat sakontzen hasi orduko, berehala ohartzen gara oraindik asko dugula egiteko.