Andoni Agirregomezkorta eta Itziar Urretabizkaia aktoreek Bost minutun antzezlan berria aurkeztuko dute Orion. Urriaren 29an, ostiralarekin, egingo dute emanaldia Arraunetxen, 19:00etan, eta sarrerak urriaren 22ko arratsaldean jarriko dira salgai.

Koldo eta Nekane dira antzezlaneko protagonistak. Haurdunaldi-testa egin dute, eta bost minutu falta dira emaitza ezagutzeko. Tarte horretan, mila galdera sortuko zaizkie: guraso izateko prest ote daude? Gurasoak izan nahi al dute? Aurrerapauso bat da edo jauzi bat amildegira?

Txalo Produkzioak konpainiaren antzezlana abuztuan estreinatu zuten, eta Orioko Udalak antolatutako udazkeneko kultur agendaren barruan, urriko azken ostiralean eskainiko dute Arraunetxen.

Sarrerak salgai daude

Antzezlana ikusteko sarrerak 10 euroan salduko dira, eta urriaren 22ko arratsaldean hasita erosi daitezke kultur etxean.