Urola Kosta eskualdearen gastronomia ezagutzera emateko jarduerak izango dira Aste Santuan hasita

Kosta Gastronomika izeneko turismo-eskaintzaren barruan antolatuko dira bisitarientzat eta bertakoentzat, gure produktu onenak ezagutzera emateko: parrillako arrain eta haragiak, txakolina, bisigua, azokak, gazta, olagarroa…

Esperientzia gastronomikoak eta bisita libreak

Kosta Gastronomika ekimenak gure produktuak eskaintzen ditu eta, horrez gain, esperientzia gastronomiko ahaztezinak bizitzeko aukera ematen die kanpoko bisitariei nahiz bertako jendeari. Eskualdeko herri bakoitzaren espezialitate gastronomikoak ezagutaraztea da ekimenaren helburua eta, horretarako, esperientzia gastronomikoak eta bisitak antolatzen ditu herriz herri, Orion, Aian, Zarautzen, Getarian eta Zumaian.

‘Bisigua Orio estilora!’ esperientzia gastronomikoa Orion

Esperientzia honek aukera ematen du ikasteko nola prestatzen den bisigua Orio estilora, herriko erretegietako sukaldarien eskutik. Izena ematen dutenek bertatik bertara jakingo dute zein den errezeta honen historia, nola prestatzen den eta gainerako jakingarri guztiak. Bisigua probatzeko aukera ere izango da, jakina, txakolinarekin lagunduta.

Noiz: Jarduera hau ostiraletan izango da, apirilaren 1etik aurrera, 13:00etatik 14:00etara.

Prezioa: 35€ pertsonako.

Informazioa eta erreserbak: Orioko Turismo Bulegoan (943 835565), egin behar da erreserba, aldez aurretik.

Gaztari buruzko bisita libreak Aian

Aiak baldintza eta ezaugarri onenak ditu kalitaterik oneneko gaztak egiteko, behi, ahuntz nahiz ardi esnearekin. Bisita honen bidez aukera izango duzue Aiako gaztak ezagutu eta probatzeko bertatik bertara, lehen eskutik, artzainarekin eta gaztagilearekin.

Bisitak aldez aurretik erreserbatu behar dira, honako telefonoetara deituta: 943 830 804 edo 656 773 368 ( Orortegi Gaztak). Bisitak larunbatetan izaten dira, 12:00etatik aurrera.

Aian gazta erosteko, gaztagileengana jo daiteke zuzenean: Lokate gaztak 633191219, Orortegi gaztak 943830804 / 656773368, Agerre-Buru gaztak 943834201 / 607189442 eta Maintzelai gaztak 943835617 / 619742539.

Horrez gain, Eroski kooperatibaren barruan txoko bat dago, bertako produktu gastronomikoak erosteko: Sartalde Kalea, 1 (Eroski kooperatibaren barruan). AIA

Ordutegia: Astelehenetik ostiralera:  8:30-13:30 eta 16:00-20:30. Larunbata: 9:00-13:30 eta 17:00-20:30. Igandea: 9-13:30.

‘Txakolinaren txinparta’ esperientzia gastronomikoa Getarian

Getariako hainbat upelategiren ateak zabalik dituzu, upelategia eta mahastiak ikusi eta beren eguneroko jarduna ezagutzeko. Bisita berezia eta gertukoa. Eta, nola ez, dastatzeko pintxoak eta txakolina.

Ostiral eta larunbatetan (igandeetan maiatzetik aurrera). 11:30etik 13:00etara. Prezioa: 15€ pertsonako. Informazioa eta erreserbak: Getariako Turismo Bulegoa 943 140 957. Aurrez erreserba egin behar da.

‘Flyscheko olagarroa’ esperientzia gastronomikoa Zumaian

Zatoz eta egin ibilaldia Geoparkeko itsaslabar eta bidezidorretan eta ezagutu flyscheko olagarroa harrapatzeko antzinako era eta sukaldatzeko modua. Esperientzia ikusgarri hau amaitzeko, dastatu pintxo bat eta txakolin freskoa.

Informazioa eta erreserbak: www.geoparkea.com / Zumaiako Turismo Bulegoa -Tel. 943 143 396. Aurrez erreserba egin behar da. Ordutegia: 11:00-12:30. Prezioa: 15€ pertsonako.

Merkatuari bisita Zarautzen

Gomendagarria da Zarauzko eguneroko merkatua bisitatzea: bertako produktu bikainak, garaian garaikoak: okela, arraina, kontserbak, gazta… Gozamen hutsa.
Bisita librea urte osoan zehar egiten da, merkatuaren ordutegian (igande eta jaiegunetan itxita). Astelehenetik ostiralera: 08:00-13:15 eta 17:00-20:15. Larunbatetan: 08:00-14:00.  Helbidea: Kale Nagusia 27/ Zigordia 13