Hondartza inguruko lur azpiko edukiontzi-gune bat egokitu du Udalak

Udalak aldaketak egin behar ditu lur azpiko edukiontzi batzuetan, hondakinak biltzeko sistema berrira egokitzeko; eta, proba gisa, Antilla kaleko edukiontzi-gune bat egokitu du oraintxe. Egindako aldaketa nagusiak bi dira: edukiontziak handiagoak izango dira aurrerantzean eta ez dira, lehen bezala, kamioian atzetik kargatuko, baizik-eta albotik.

Beste 13 gune egokituko dira aurrerago

Udalak erabaki du lur azpiko edukiontzi batzuk egokitzea eta, aldaketak ondo funtzionatuko duela ziurtatzeko, hondartza inguruko gune bat egokitu du, proba gisa. Aste honetan bertan jarri da martxan egokitutako gune hori eta, denak ondo funtzionatzen badu eta ez bada arazorik sortzen, beste 13 edukiontzi-gune egokituko ditu Udalak aurrerago.

Antillako gune horren egokitzapena urtearen hasieran egin zuen Biurrarena enpresak; baina ezin izan da orain arte martxan jarri, txip bidezko sistema berriaren homologazioa luzatu egin delako.

Gune horren egokitzapenak 25.200 euroko kostua izan du.