Edadetuentzako kirol zirkuitua berritu du Udalak eta berri bat instalatuko du laster

Ibai Ondoko parkeko edadetuentzako kirol zirkuitua zaharkituta zegoen eta Udalak berritu egin du egun hauetan. Bertan zeuden aparatu guztiak aldatu eta berriak jarri ditu. Lehen zazpi aparatu zeuden eta orain, berriz, zortzi instalatu ditu Udalak.

Beste kirol zirkuitu bat autopista ondoan

Ibai Ondoko zirkuitua berritzeaz gain, beste bat instalatuko du Udalak laster autopistaren inguruan, Estropalari kalearen bukaeran. Ibai Ondoko zirkuituan dauden aparatu berak izango dira han ere; zortzi, guztira. Zirkuitu berriaren zorua prestatzen ari dira dagoeneko eta bi aste barru-edo instalatuko dira aparatuak.

Horrez gain, Ibai Ondoko zirkuituan aprobetxatzeko moduan zeuden lau aparatu skate parkean instalatuko dira, Muntoko pasealekuan. Era horretara, edadetuek hiru gune izango dituzte herrian, ariketak egin ahal izateko.

Zirkuitu berriak instalatzen eta zaharrak egokitzen 11.700 euro gastatuko ditu Udalak.