Martxan da ENPRESA EUSKARAZ HANDITZEN ekimenaren 2. edizioa

Deialdia orokorra bada ere, bereziki enpresa jarduera hauei bideratuta diseinatu da ekimena: higiezinen zerbitzuak, finken administratzaileak eta aholkularitza etxeak.
Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako enpresa txikiei euskaraz lan egiteko laguntza ematen jarraitzen dugu Urola Kostako Udal Elkartetik.
Urola Kostako Udal Elkarteak iaz ekin zion ekimenari. Lehendabiziko deialdian bailarako 12 enpresek hartu zuten parte; batez ere, osasun arloan ari ziren hainbat enpresak. Euskarak enpresan duen presentzia indartu eta aldi berean, euskararekin enpresa handitzea helburu, enpresa bakoitzaren errealitatera egokitutako lana egin du Udal Elkarteak. Zenbait enpresarentzat euskara-plan osoak diseinatu diren bitartean, beste kasu batzuetan lan zehatzak egin ditu: itzulpenak, webguneak egokitu edota euskaratzea, eguneroko laneko dokumentu-ereduak lantzea…
Bigarren edizioa martxan
Udal Elkarteak martxan jarri du urrian ekimenaren bigarren edizioa. Bigarren deialdia, bereziki, ondorengo enpresa jarduera hauei bideratuta diseinatu da: higiezinen zerbitzuak, finken administratzaileak eta aholkularitza etxeak. Edonola ere, herritar eta bezeroei beren zerbitzu eta produktuak euskaraz eskaintzeko interesa duen eskualdeko enpresa guztiek parte hartu dezakete programan. Prestakuntza-saioez gain, Enpresa Euskaraz Handitzen ekimenaren bigarren edizioan parte hartzen duten enpresek 3-4 hilabeteko banakako aholkularitza-zerbitzua jasoko dute: 2018ko azarotik 2019ko otsailera bitartean.
Arlo horietako zein beste edozein enpresak izena eman dezakete dagoeneko; http://www.urolakosta.eus/eu/euskara-enpresan webguneko formularioa bete edota handitzen@urolakosta.eus helbide elektronikora idatzita.
Euskara erabiliz, zure enpresa handitzen joango da eta denok irabaziko dugu. Zabaldu euskararen ateak!