Orioko Udaleko zinegotzi guztiek parte hartuko dute Euskaraldian

Udaleko zinegotzi guztiek eman dute izena dagoeneko azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo den Euskaraldirako; batzuk, ahobizi gisa eta beste batzuk, belarriprest gisa.

Zinegotzi guztiek eman dute izena; baina argazkian bat falta da, etortzerik izan ez zuelako.

Udalaren ‘trainerua’ Euskaraldirako

Orion Euskaraldia antolatzen ari den lantaldeak proposamena egin zien herriko elkarte eta taldeei, hamalau laguneko ‘traineruak’ osatzeko, Euskaraldiari babesa agertzeko eta Orioko jendea izena ematera animatzeko. Orioko Udalak ekaineko udalbatzarrean onartu zuen, aho batez, Euskaraldiari babes ematea eta orain beste pauso bat egin du: Udala osatzen duten 13 zinegotziek Euskaraldian izena eman eta trainerua osatu dute, euskara-teknikaria patroi dutela. Horren bidez, herritarrak animatu nahi dituzte izena ematera eta Euskaraldian parte hartzera ahobizi edo belarriprest gisa.

Euskaraldirako izen-ematea

Oriotar askok eman du dagoeneko izena Euskaraldian parte hartzeko: azken errekuentoan 831 ziren eta kopurua egunero igotzen da. Orain arte ahobiziak apuntatu dira gehiena; baina Euskaraldiko lantaldeak belarriprestak ere animatu nahi ditu parte hartzera, ariketa ondo aterako bada, ezinbestekoak dira-eta.

Euskaraldian parte hartzeko Orion izena eman nahi duenak bi aukera dauzka:

Online egitea, http://izenematea.euskaraldia.eus/ webgunean. Galdetegi labur bat bete behar da. Bi minutu ere ez dira behar dena betetzeko.

Esteka honetatik deskargatu daitekeen fitxa bete eta herriko bost toki hauetan jarritako kutxatan utzi (fitxa bost toki horietan ere izango da eskuragarri):

  • Kultur etxea
  • Kiroldegia
  • Zaragueta eskola
  • Herri Ikastola
  • Maria Maestra haurreskola