Urola Kostako eta Bidasoko sortzaileen arteko bi topaketa egingo dira, apirilean eta maiatzean

Kultura eta Sormen Industrien sektorea suspertzeko ahaleginean, eskualdez gaindiko ekimen berria abiarazi du Urola Kostako Udal Elkarteak. Sektorea saretzen jarraitu eta sormen industrien sektoreko eragileen arteko lankidetza indartzera dator ekimena.

Bidasoa Bizirik Garapen Agentziarekin elkarlanean garatu da Networking, Industria Sortzailea Bidasoa-Urola Kosta goiburu daraman ekimena. Ezagutzak partekatu eta sarean lanean (networking) jarri nahi dira Bidasoa Txingudi eta Urola Kostako sortzaile, artista, eragile eta sektoreko enpresak. Eskualde arteko zubiak eraiki eta lankidetza nahiz parte-hartzeari helduta antolatu dira sortzaileen arteko topaketak. Ekimenaren helburua da lankidetzarako aukera berriak identifikatzea, sormen industrietako sektoreko enpresen iraunkortasuna bermatu eta lehiakortasuna hobetzen lagungarri izango delakoan.

Xedea da Urola Kostako eta Bidasoako sormen industrien sektoreetako enpresen lankidetza-harremanak landu eta sakontzea, interes komunak definitzea eta sormen industrien sektoreko enpresen eta sektore horrekin lotura duten beste sektoreetako enpresen arteko lankidetzarako irizpideak eta orientabideak zehazten laguntzea. Horretarako, bi eskualdeetako hainbat eragilek azken urteetan landu edota garatutako jarduera eta esperientziak elkartrukatuko dituzte. Beren esperientzietan oinarrituta, elkarrengandik ikasi eta lankidetza-bide berriak jorratzeko asmoz, praktika onak eta ekinbide arrakastatsuak partekatuko dituzte.

Sortzaileen arteko topaketak

Lankidetza-truke egitasmoa bi saiotan gauzatuko da. Apirileko saioa, lehena, Zarautzen izango da, Bidasoa eskualdeko gonbidatuekin. Bidasoa eskualdeko hainbat artista, sortzaile eta kultura arloko eragile eta enpresek hartuko dute parte. Beren kasu eta jardunak aurkeztu eta, jarraian, eskualdeko artista eta sortzaileekin esperientziak elkartrukatzeko aukera izango dute. Asmoa da bi eskualdeetako kultura eta sormen alorreko eragileek elkarrengandik ikastea, eta ahal den heinean, lankidetzarako aukera berriak identifikatu, oinarriak zehaztu eta zubiak eraikitzea.

Bigarren topaketa saioa Irunen izango da, maiatzaren amaieran. Bertan Urola Kostako eragile eta profesionalek hartuko dute parte.

1. saioa, Zarautzen

  • Eguna: Apirilaren 11n, ostegunarekin.
  • Ordua: 17:30
  • Iraupena: 2 ordu.
  • Lekua: Urdaneta bidea 6, Abendaño industrialdea, Zarautz (Udal Elkartearen egoitza)

2. saioa, Irunen

  • Eguna: Maiatzak 30, osteguna
  • Ordua: 17:30
  • Iraupena: 2 ordu.
  • Lekua: Hendaia, 8 – Ducoureau jauregia, Irun

Argibideak eta izen-ematea

Zarautzen izango den saiorako dagoeneko izena eman dezakete interesa duten eskualdeko artista eta sortzaileek. Izen-emateko epea apirilaren 5era arte luzatuko da.

Informazio gehiago jaso nahi izanez gero, idatzi e-mail bat edo jarri harremanetan telefono bidez: