Udalbatzarraren bilkurak bideoan zuzenean ikusi ahal izango dira hemendik aurrera

Traducción automática al castellano

Udalak erabaki du aurrerantzean bideoan grabatuko dituela udalbatzarrak, interesa dutenek etxetik ikusteko aukera izan dezaten, zuzenean, streaming bidez; ala ondoren, Udalaren webgunean.

Udalak aho batez hartu du erabaki hori.

Erlo Telebistan eta internetez

Horretarako, Udala harremanetan jarri da Urolako Komunikazio Taldea kooperatibarekin eta haren esku geratuko dira alderdi teknikoak: Erlo telebistako teknikariak etorriko dira udalbatzarrak grabatzera eta zuzenean emango dituzte, streaming jario baten bidez.

Etxean Erlo telebista sintonizatzen dutenek bertan ikusi ahal izango dute, eta, aukera hori ez dutenek, berriz, Udalaren webgunean (orio.eus) edo Karkara aldizkariarenean (karkara.eus) izango dute aukera.

Lehen saioa, ostegunean

Datorren ostegun honetan izango da iraileko ohiko udalbatzarra eta hori izango da zuzenean emango den aurrenekoa. Erlo Telebistak zuzenean emango du eta, Udalaren webgunean egin behar diren egokitzapen teknikoak egiteko denbora ematen badu, bertan ere ikusi ahal izango da. Oraingorako denbora ematen ez badu, urriko udalbatzarretik aurrera ikusi ahal izango dira bilkuretako bideoak zuzenean.

Webgune honek cookie propioak eta besteenak erabiltzen ditu, nabigazio zerbitzuak hobetzeko asmoz. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookieen politika onartzen duzula ulertuko dugu.