Zaraguetako, ikastolako eta Zingira eskolako ikasleek indarkeria matxistaren kontrako aldarria egin dute gaur goizean

Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela-eta, elkarretaratzea egin da gaur, 11:30ean, kultur etxearen aurrean. Bertan izan dira Zaragueta eskolako, Herri Ikastolako eta Zingira eskolako ikasle eta irakasleak, LH1etik DBH4ra arte.

Ekitaldia kultur etxeko balkoitik egin da, ikasle eta irakasleak behean zeudela. Horretarako, udaltzaingoak Eusko Gudari kalea moztu du ekitaldiak iraun duen bitartean eta autoak erribera aldera desbideratu ditu.

Ekitaldia

Ekitaldiari hasiera emateko, Anuska Esnal alkateak hartu du hitza eta elkarretaratzearen arrazoiak azaldu ditu, Ainara Munduate zinegotziarekin batera.

Ondoren, hiru ikastetxeetako haurrek Iñaki Gurrutxaga bertsolariarekin ikastetxean landutako bertsoak abestu dituzte, txandaka, ‘Tarrabillon’ kantaren doinuan:

1
Arrosa ta urdina
emea ta arra
gizartea izan da
horretan baldarra
aniztasuna ez al da
benetan earra?
Pertsonak sailkatzea
denontzat da txarra
matxismoaren kontra
badugu indarra!

2
Kirolean berdinak
ez al gara danak?
Diferenteak dira
gauetako planak…
Lan asko egin dute
gure_etxeko amak
gutxi ordaintzen diren
isilpeko lanak:
aldatu behar dira
botere-harremanak!

3
Kinder arrautz arrosa
edota urdina
baina txokolatea
ez al da berdina?
Inor ez da errege
inor ez panpina
txikitzeko indarkeri
matxistaren mina
hortzak erakutsi ta
atera hagina.

4
Mutilak polizia
ta neskak printzesa
telebista ikusteak
earra pereza!
Gizartea aldatzea
denon interesa
indarkeria honekin
ez da hain erreza
guztiok bat eginda
badugu babesa.

5
Izan dezagun denok
aukera berbera
aliatu gehiago
gurekin batera
guk ere beldur gabe
nahi dugu atera
eman beharko dugu
pauso bat aurrera
emakumeak ere
indartsuak gera!

6
Zaragueta, Ikastola,
baitare zingira,
denok etorri gara
Hhrrian erdira.
Indarkeri matxista
mantentzen ari da,
guk berdintasunari
egin diogu tira…
kirol, kolore denak
guztionak dira.

ERREPIKA:

ESKUZ ESKU HELDUTA
EZ ELKARREN AURKA
INDARKERIAK HEMEN
LEKURIK EZ DAUKA (BIS)

tratuonakBI19

Agiriaren irakurketa

Ondoren, hiru ikastetxeetako ordezkariek ekitaldirako adostutako agiria irakurri dute, txandaka:

Azaroaren 25a egun seinalea da indarkeria matxistari aurre egin nahi diogunontzat. Zumaia, Getaria, Zarautz, Orio eta Aiako ikastetxe eta udal guztiok egun hau baliatu nahi dugu, gaia plazara ateratzeko eta tratu onen aldarria egiteko, gure herrian ere badugu-eta horren premia.

Gure herrietan, eta baita gure ikastetxeetan ere, tratu txarra ematen diogu, gehiegitan, aldamenekoari: neska delako, edo desberdin janzten delako, edo ‘arraro’ portatzen dela iruditzen zaigulako, edota, besterik gabe, ‘desberdin’ ikusten dugulako.

Guk, Urola Kostako udal eta ikastetxeek, tratu txarren aurka, TRATU ONAK eta indarkeriaren prebentzioa proposatzen ditugu eta HAU ADIERAZTEN DUGU:

  • Guk, gazteok, indarkeriarik gabeko bizitzak bizi nahi ditugu eta elkarrenganako tratu onean hazi eta hezi nahi dugu, eskolan, etxean eta kalean.
  • Pertsona guztiek eskubide eta betebehar berberak dituzte.
  • Neska-mutilok erasoak jasaten ditugu eta, askotan, oso larriak dira horrek sortzen dituen ondorioak.
  • Indarkeria matxista eta beste indarkeria-mota guztiak baztertzen ditugu eta gure gertutasuna adierazten diegu jasaten dituzten guztiei.
  • Gizarte osoaren lana da legitimitatea kentzea tratu txarrei eta babesa agertzea jasaten dutenei.
  • Gure ikastetxeetan lan handia egin dezakegu gure arteko harremanak tratu onekoak, goxoak, errespetuzkoak izateko eta berdintasuna sustatzeko, aurreiritzirik eta estereotipo sexistarik gabe.

Aurreko guztia dela-eta, KONPROMISO HAUEK hartzen ditugu:

  • Jokabide bortitz edo oldarkor guztiak errefusatuko ditugu (jazarpenak, burlak, bazterketak…) eta, gure inguruan horrelako egoera bat somatzen dugunean, salatu egingo dugu. Ez gara isilduko, isiltasunak konplize egiten gaitu-eta.
  • Gure arteko gatazkak elkarrekin hitz eginez konponduko ditugu, jarrera baketsu eta tolerantearekin.
  • Baliabideak jarriko ditugu ikastetxeetan tratu onak sustatzeko eta Hezkuntzako agintariei eskatuko diegu gai hau berariaz lantzea hezkuntza-programetan.
  • Aniztasunaren eta desberdintasunaren errespetuan oinarrituko dugu gure heziketa-jarduera, helburu garbi honekin: jendarte zuzen, aske eta parekide bat eraikitzen laguntzea.

ORIOKO UDALAK, ZARAGUETA ESKOLAK, ORIOKO HERRI IKASTOLAK ETA ZINGIRA ESKOLAK TRATU ONAK BULTZATUKO DITUGU ETA KONTRA EGINGO DIOGU INDARKERIA MATXISTARI.

Bukaerako bertsoa

Ekitaldiari bukaera emateko, Rosi Lazkano bertsolari oriotarrak prestatutako bi bertso kantatu dituzte bertaratu diren guztiek. Bertsoak aldez aurretik prestatuta ekarri dituzte ikasleek, Imanol Urkizuk eta haren alaba Iratzek abestutako bertsioa ikasia zuten-eta:

Salatzen dugu udaberrian
salatzen dugu neguan,
matxismoaren indarkeriak
zenbat zauri sortzen duan.
Berdintasuna egunerora
e(ra)man nahi dugun orduan,
ohitu ezin den ohituraren bat
ateratzen da orduan.

Horrelakoak bizi ditugu
hemen eta egunero,
hortikan dator gure matraka:
berdintasun ta genero…
azaldu ez den enpatiari
nola ez zaion espero,
ahalduntzea dugu aurrena,
eta salatzea gero.

Rosi Lazkano

(Doinua: Loreak udan ihintza bezela…)

Entzun bertsoa .mp3 formatuan (Imanol eta Iratz Urkizuk abestua)

tratuonak19