Etengabeko prestakuntza eta orientazioa bultzatuko ditu IKASUROLAKOSTA zerbitzuak

IKASUROLAKOSTA, Ikaskuntzako Bitarterkaritza Zerbitzua du izena zerbitzu berriak eta eskualde osoarentzat egingo du lan.

Otsailaren 11n aurkeztu zuten zerbitzua Urola Kostako Udal Elkartean eta han izan ziren Lourdes Salsamendi Goñi, Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria; Xabier Txurruka, Zarauzko alkatea; Irune Urbieta Alberdi, Zarauzko Udaleko Euskara, Kultura eta Hezkuntza zinegotzia; Nora Amorena, Monte Albertia Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuko zuzendaria eta Ikaslan Gipuzkoako lehendakariordea; eta Irene Dolara Balanzategi, IKASUROLAKOSTAko bitartekaria.

IKASUROLAKOSTA Zerbitzua Zarauzko Gazte Informazio Bulegoan kokatuko da. Bi urteko hutsunea eta gero, berriro eskainiko zaie zerbitzu hau eskualdeko bizilagun guztiei, Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren babespean.

Zerbitzuaren helburua eta funtzioak

IKASUROLAKOSTA zerbitzuaren helburu nagusia da bizialdi osoko prestakuntza eta ikaskuntza Urola Kostako herritar guztiengana hurbiltzea. Nolanahi ere, arreta berezia jarriko du gizarte-egoera ahulean eta prestakuntza-zirkuituetatik urrun dauden pertsonengan. Udal Elkarteko Garapen Agentziak bideratzen duen prestakuntza eta enplegu zerbitzuaren osagarria da ekimena.

Hauek dira zerbitzuaren funtzioak:

  • Norberaren interesak eta beharrak kontuan hartuz, ikaskuntzaren eta prestakuntzaren inguruko informazioa eta orientazioa ematea.
  • Kualifikazioen profesionaltasun-ziurtagirien akreditazioa, eta Lanbide Heziketa sistemari buruzko informazioa eta orientazioa.
  • Eskualdeko elkarte edota erakunde publiko zein pribatuek eskaintzen dituzten ikastaroen berri ematea.

Harremanetarako

Irene Dolara izango da zerbitzuaren bitartekaria eta Zarauzko Gazte Bulegoan (Zigordia kalea, 34) izango da, astelehenetik ostiralera bitartean, ordutegi honetan:

  • Astelehenetan eta asteazkenetan: 09:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 17:00etara
  • Asteartetan eta ostegunetan: 08:30etik 15:30era
  • Ostiraletan, 09:30etik 14:30era

Zerbitzua baliatu nahi duenak aldez aurretik eskatu behar du hitzordua, telefonoz edo posta elektronikoz:

  • 645 284 300
  • ikasurolakosta@ikaslangipuzkoa.eus