Euskara eta turismoa uztartuko dituen kanpaina aurkeztuko zaie Orioko turismo-eragileei

Orioko Udalak herriko denda, taberna, jatetxe eta alojamenduak gonbidatu ditu bi informazio-saiotara:

  • Martxoaren 10ean, 14:00etan, Salatxo aretoan, euskaraz
  • Martxoaren 26an, 17:00etan. Salatxo aretoan, gaztelaniaz

Bi informazio-saio horietan kanpainaren xehetasunak emango dituzte UEMAko eta Udaleko teknikariek. Saioak irekiak dira eta herriko denda, taberna, jatetxe eta alojamendu guztiek parte hartu dezakete.

Bi dira Aste Santuan abiatuko den kanpainaren helburu nagusiak: turismo-sektorean euskarari dagokion garrantzia ematea, eta gure hizkuntza eskaintza turistikoaren barruan sartzea.

Eskualdeko proiektua

Aia, Orio, Zarautz, Getaria eta Zumaian abiatuko da proiektua, Aste Santutik aurrera. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Urola Kostako Udal Elkarteak eta UEMA Udalerri Euskaldunek Mankomunitateak elkarlanean garatu dute.

Orioko Euskara eta Turismo sailek antolatu dituzte martxoko  bi informazio-saioak. Herriko dendak, jatetxeak, tabernak eta alojamenduak izango dira kanpainaren ardatza eta ezinbestekoa da beren parte-hartzea, bidelagun aproposak baitira bisitariei herri euskaldun batean egotearen esperientzia transmititzeko.