Orioko Udalaren oharra herriko obren egoerari buruz

Funtsezkoak ez diren jarduerak gelditzeko Espainiako Gobernuak martxoaren 30ean argitaratu duen dekretua dela-eta, Udalak informazioa eman nahi die herritarrei herriko obren egoerari buruz.

Udalak obra hauek ditu eskuartean momentu honetan:

1.- Txara eta Agerre baserrietako bideak asfaltatzeko lana aurreko astean amaitu zen.

2.- Mutiozabal ontziolako saneamendu-lanak geratu egin ditugu eta, gauzak ondo bidean, Aste Santuaren ondoren hasiko dira berriz.

3.- Txanka-hondartzako espaloia errematatzeko lana aurreko astean hasi zuen Udalak. Lanari berriro ekiten zaionean, 10 egun inguru beharko dira bukatzeko.

4.- Aita Lertxundi kaleko lanei dagokienez, azken zatia bukatzeko dago: Aita lertxundi 22-28ko zatia. Bestalde, baldosak jartzeko daude eta autobus-geltokia betiko lekuan dago berriz ere. Obrak berriro hasten direnean, hilabete bat beharko da bukatzeko, eta, azken zati horretan oinezkoen bidea asko estutzen denez (ikusi argazkia), pasaera itxita izango da oinezkoentzat, bertako komertzio, atari eta garajeetara joateko izan ezik.

5.- Herriko Plaza eta Aritzaga kaleko obra ere geldituta dago. Obra hau oso martxa onean doa: momentu honetan kioskoaren egitura jarrita dago eta, obra berriro abiatzen denean, kioskoa estaltzeari ekingo zaio.

6.- Itxaspeko bidea egonkortzeko lanak hasita daude eta lanik zailenak bukatuta. Obra berriro abiatzen denean, beste lau aste beharko dira mikro-piloteak jarri eta bidea txukuntzeko.

7.- Herriko bideak irisgarri egiteko zenbait lan adjudikatuta daude: Arrantzale kaleko zebra-bideak altxatzeko lanak, Muntoko pasarela berritzea… Egoera egonkortzen denean jarriko dira martxan.

8.- Haurreskolako terrazan estalkiea jartzeko lanak hasita daude, baina geldituta: estalkiaren egitura metalikoa jarrita dago eta kristala jartzea falta da.

9.- Futbol- eta softbol-zelaiko belarra aldatzeko lehiaketa publikoa martxan dago, baina proposamenak jasotzeko epea bi astez atzeratu da.

Hirigintza-zinegotziaren mezua

Udaleko Hirigintza zinegotzi Ainara Munduatek eskerrak eman nahi dizkie herritarrei, erakusten ari diren jarreragatik:

«Martxa onean zihoazen obrak, baina, orain, alarma-egoera honetan, langileen babesa eta segurtasuna obra guztien aurretik jarri behar izan dugu. Obrak ondo doaz eta, berriz lanean hasi bezain pronto, lan asko berehala amaitzeko bidean izango gara. Egoera deseroso honen aurrean herritarrak izaten ari diren jarrera ona nabarmendu nahi dut eta, horregatik, eskerrak eman nahi dizkizuet guztiei».