Datorren osteguneko udalbatzarra telematikoa izango da

Udalak hilaren azken ostegunean egiten du, normalean, udalbatzarraren ohiko bilkura eta, hortaz, datorren ostegun honetan tokatzen da berez, apirilaren 30ean.

Bizi dugun ezohiko egoerak, ordea, ez du ahalbidetzen udalbatzarraren hileko bilkura ohiko moduan egitea, eta Udalak bitarteko telematikoak erabiltzea erabaki du. Era horretara, alkatea eta idazkaria bakarrik izango dira udalbatzarraren aretoan eta zinegotziek, berriz, nork bere etxetik hartuko dute parte.

Udaleko batzorde informatzaileak eta bozeramaileen batzordea ere horrela ari dira dagoeneko funtzionatzen, modu telematikoan, administrazioaren martxa ahalik eta normalena izan dadin.

Udalbatzarraren streaming-a, beti bezala

Nahiz eta osteguneko udalbatzarra berezia izan eta kide gehienek telematikoki parte hartu, bilkuraren emisioa betiko moduan egingo da, streaming bidez. Urolako Komunikazio Taldea (UKT) arduratuko da, orain arte bezala, alderdi teknikoez eta dagoeneko proba batzuk egin ditu, argazkian ikusten den bezala.