Zabalik daude ostera igogailu publikoak eta komun publikoak

Osasun-arrazoiengatik hainbat astez itxita egon ondoren, gaur jarri dira erabilgarri ostera herriko bi igogailu publikoak (plazakoa eta kultur etxearen atzekoa). Herritarrek hainbat neurri bete beharko dituzte igogailuak erabili ahal izateko:

  • Sartu aurretik eskuak garbitu beharko dituzte, Udalak ate ondoan jarri duen xaboiarekin.
  • Igogailua erabiltzeko, maskara jantzi behar da nahitaez
  • Igogailua bakarka erabili behar da, arau orokor gisa
  • Zaintza behar duten pertsonek zaindariarekin erabili dezakete eta elkarrekin bizi diren pertsonak ere batera igo daitezke

Komun publikoak ere zabalik

Udalak dauzkan komun publikoak ere irekita daude berriro gaurtik aurrera. Horietan ere Udalak xaboi-banagailua jarri du atean eta erabiltzaileek eskuak garbitu behar dituzte, bertako botoiak-eta ukitu aurretik eta komunera sartu aurretik.

Garbigunea eta hondakin handiak biltzeko zerbitzua ere martxan

Garbigunea zabalik dago ohiko ordutegian eta, gaurtik aurrera, herritar guztiei emango die zerbitzua. Zerbitzua baliatzeko, hala ere, aldez aurretik eskatu behar da hitzordua 08:30etik 13:30era bitartean, telefono honetara deituta: 679 72 33 99.

Bestalde, azken asteetan zerbitzua etenda egon ondoren, etxeko hondakin handiak biltzeko zerbitzua ere martxan jarri da berriz. Erabiltzaileek etxeko hondakin handiak (altzariak, etxeko tresna elektrikoak, aparailu elektronikoakā€¦.) edukiontzien eremuetan utzi beharko dituzte astearte iluntzean, 20:00etatik 22:00etara.