Udalak eta OinHerri elkarteak elkarlanean aritzeko hitzarmena sinatu dute

Orioko Udalak eta OinHerri Herri Hezitzaileak elkarteak lankidetza-hitzarmena sinatu dute. Hitzarmenaren helburua da elkarlanerako markoa finkatzea, OinHerri elkartearen helburu, printzipio eta lan-ildoak Orion garatzeko.

Hitzarmena urtebeterako sinatu dute eta, bi aldeak ados agertuz gero, urtez urte luzatu ahal izango da legeak ezartzen dituen mugen barruan. Hitzarmenaren arabera, Udalak 3.000 euroko dirulaguntza emango dio OinHerri Herri Hezitzaileak elkarteari, bere jarduera eta proiektuak finantzatzeko eta Orion bere printzipio eta lan-ildoak garatzeko, hezkuntzako eragileekin elkarlanean.

OinHerri Herri Hezitzaileak

OinHerri Herri Hezitzaileak elkarteak denbora darama haurren hezkuntza eta aisialdia beste modu batera antolatzeko moduak aztertzen, teoria eta praktika uztartuz. Bere helburua da, herrigintzatik abiatuta, benetako parte-hartzea bultzatzea eta balio hezitzaileak hedatzea. Elkarteak honela formulatzen du bere xedea: Jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren kultura aitortzea; hori oinarri hartuta, haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea; eurek eraikitako aisia hezitzaile eta euskaldunaren bitartez, aniztasunean berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta kulturala zainduz, komunitate-sarea eta auzolana indartzea, eta pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak jostea.

Udalak bat egiten du elkartearen xedearekin eta bide bat egin nahi du, herriko hezkuntza-eragile guztiekin elkarlanean, xede hori Orion garatzeko.

Elkarteari buruzko informazio gehiago, hemen:

www.herrihezitzailea.eus

oinherrilogo20