Kiroldegiak itxita jarraituko du deskonfinamenduaren 2. fasean

Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak zehaztu dituzte deskonfinamenduaren 2. fasean aplikatuko diren neurriak. Hauek dira aldaketa nagusiak, astelehenetik Orion ere aplikatuko direnak:

Mugikortasuna eta ordutegiak

Paseatzeko eta ariketa fisikoa egiteko orain arte indarrean egon diren ordu-tarteak ez dira gehiago aplikatuko eta, beraz, oriotarrek egun osoan irten ahal izango dute kalera, probintziaren barruan, muga bakar honekin: 70 urtetik gorakoentzako eta mendekotasunen bat duten pertsonentzako orduak errespetatu beharko dituzte: 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara.

Bestalde, kalean, lokaletan edo etxe barruan 15 lagun arteko taldeak juntatu ahal izango dira, orain arte ez bezala, baina, hori bai, distantziak-eta gordeta.

Hondartzan bainatzeko debekua kenduko da astelehenetik aurrera, baina, denboraldia oraindik hasi ez denez, Udalak gogorarazten die herritarrei hondartzan ez dagoela soroslerik eta, beraz, kontu handiz eta arduraz jokatu behar dutela.

Ostalaritza eta merkataritza

Taberna eta jatetxeek aukera izango dute lokalaren barruan zerbitzua emateko, baina aforoa %50era mugatuta eta mahaien artean bi metroko tartea utzita. Barran ezin izango da kontsumitu eta bezero guztiek mahaitan eserita egon beharko dute.

Elkarte gastronomikoek ere irekitzeko aukera izango dute ostalaritzako baldintza berberetan.

Dendetan orain arteko arauak aplikatuko dira, baina aforoa %30etik %40ra pasatuko da.

Kiroldegiak itxita jarraituko du

Deskonfinamenduaren 2. faseak aukera ematen du kirol-instalazioak irekitzeko, segurtasun- eta higiene-neurri zorrotzak beteta, baina Orioko kiroldegia kudeatzen duen enpresak, BPXport-ek, oraingoz ez irekitzea erabaki du, neurri horiek egoki betetzeko dauden zailtasunengatik.

Beste kirol-instalazio batzuk, berriz, astelehenean hasiko dira, pixkanaka, ateak irekitzen eta zerbitzua ematen:

  • Arraunetxea. Arraunetxeko ontzi-biltegira sartzeko aukera izango dute erabiltzaileek, ontziak hartu eta uzteko. Arraunetxeko gimnasioak itxita segituko du. Begi-Bistan enpresak ontziak alokatzeko zerbitzua emango du, ahalik eta normaltasun handienarekin.
  • Pilotalekua. Pilotalekua alokatzeko aukera izango dute berriz erabiltzaileek, Pilota elkartekoei deituta ordua hartzeko (618 952 844). Aldagelak itxita egongo dira.
  • Surfeko lokala. Erabiltzaileek aukera izango dute beren lokaleko surf-taulak hartzeko eta uzteko, baina aldagelak itxita egongo dira.
  • Softboleko bateo-tunela. Bateo-tunela erabiltzeko aukera izango dute softbol taldeko erabiltzaileek, binaka eta segurtasun- eta higiene-neurriak errespetatuta.