Prentsaurrekoa eman du gaur Udalak, COVID-19a dela-eta hartu dituen neurrien berri emateko

Traducción automática al castellano

Gaur goizean, 11:30ean, prentsaurrekoa eman dute udaletxean Anuska Esnal Oliden alkateak eta Xabier Ibarguren Azkue kultura, festak eta gazteriako zinegotziak, azken hilabeteotan COVID-19a dela-eta Udalak alorrez alor hartu dituen neurrien berri emateko.

Alkateak Gizarte Zerbitzuetan egindako lana nabarmendu nahi izan du: «Lehendik zetorren Orioko Gizarte Zerbitzuak indartzeko ahalegina; gure lehentasunetako bat izan da hasiera-hasieratik eta krisi honek erakutsi digu hori dela bidea eta, guztiontzako Orio bat egin nahi badugu, pertsonak erdigunean dituena, nahitaez jarri behar dugula fokua egoera zaurgarrienean dauden herritarrengan. Hala sinesten dugu eta hori egiten ari gara».

Hauek dira Udalak alorrez alor hartutako neurri nagusiak:

GIZARTE-ZERBITZUAK

  • Zaintza-sarea aktibatu dugu.
  • Etxez etxeko laguntza indartu dugu.
  • Laguntza psikosozialaren eskaintza zabaldu dugu.
  • Gizarte-larrialdietarako laguntzak laukoiztu ditugu.
  • Gizarte-larrialdietako laguntzak jasotzeko irizpideak betetzen ez dituztenentzat, diru-partida bat sortu dugu.
  • Beharrezko dirua jarriko dugu, baldintza ekonomikorik larrienetan dauden pertsonak babesteko
  • Udalak ekarpen ekonomikoa egin dio elikagaien bankuari.

MERKATARITZA ETA OSTALARITZA

Erosketa-bonuak

Erosketa-bonuak aterako ditu Udalak ekainean, laguntza emateko alarma-egoeragatik itxita egon behar izan duten dendei edota, irekita egon arren, diru-sarreretan %75eko jaitsiera izan dutenei.

«Sartu kalera. Bizi kalea. Erosi Orion!» kanpaina

Udalak kanpaina bat abiatu du, herritarrek herriko dendetan kontsumitzea bultzatzeko, «Sartu kalera. Bizi kalea. Erosi Orion!» lelopean. Bideo bat ere argitaratu eta zabaldu du, mezua hedatzeko.

Ostegunetako azoka

Azokan postua jartzeagatik Udalak kobratzen duen tasa erdira murriztu dugu.

Udal-eraikinetan emandako ostalaritza-zerbitzuak

Udalak murriztu egingo ditu bere jabetzako lokal eta eraikinetan ematen diren ostalaritzako zerbitzuen urteko kanonak.

Tabernetako terrazak

  • Herriko ostalariei terrazak handitzeko aukera eman zaie, deskonfinamenduan ezarritako mugen kaltea arintzeko. Ohiko terrazaren %50eko azalera okupatu behar dutenez, Udalak aukera eman die, posible zen kasuetan, toki gehiago okupatzeko eta, hartara, mahaien arteko distantziak gorde ahal izateko.
  • Tabernetako terrazei eta bide publikoa okupatzen duten merkatariei % 95eko hobaria aplikatu zaie egiten duten okupazioagatiko tasaren gainean.

JAIAK ETA EKITALDIAK

  • San Pedro jaiak bertan behera utzi ditu kultura- eta jai-batzordeak.
  • Bisiguaren Eguna ere ez da aurten uztailean egingo. Udalak aztertuko du ea badagoen aukerarik urtean zehar egiteko, beste formaturen batean.
  • Areto barruko kultur programazioari uztailean ekingo dio Udalak berriro. Aretoen aforoak gutxitu egingo dira eta, beraz, horrek mugatu egingo du egin daitekeena. Udala dagoeneko hasita dago programatu daitezkeen ekitaldiak aztertzen.
  • Espazio publikoan egiten diren kultur eta jai-ekitaldiak abuztutik aurrera hasiko dira programatzen, ez lehenago.

ELKARZAINTZA-ZERBITZUA UDAN

Txurrumuski elkarteak antolatzen ditu urtero Udaleku Irekiak, Udalarekin elkarlanean. Aurten ez da posible izango Udalekuak bere horretan egitea. Hala ere, udalekuak egingo ez badira ere, Elkarzaintza Zerbitzua eskainiko du Txurrumuskik, Udalarekin elkarlanean. «Udan elkar zaintzen» izena izango du ekimenak. Txurrumuskik Udalaren baliabide guztiak izango ditu eskura, zerbitzu hori antolatzeko. Zerbitzua, nolanahi ere, mugatua izango da, osasun-arrazoiengatik, eta, bakar-bakarrik, horren premia duten familiei emango zaie.

Elkarzaintza Zerbitzuak zorrotz beteko ditu osasun- eta higiene-protokoloak, aforo mugatua izango du eta zaintzarako begirale gehiago izango ditu.

Udalak eta Txurrumuski elkarteak aste honetan emango dituzte jakitera Elkarzaintza Zerbitzuaren zehaztasunak: egutegia, ordutegia, jardueraren ezaugarriak… Aurreinskripzioa egiterakoan, galdetegi bat bete beharko da, familien eta haurren beharrak identifikatzeko eta ahalik eta zerbitzurik honena eskaini ahal izateko.

UDAKO LANPOSTUAK

Epe administratiboak berriro kontatzen hasiko dira ekainaren 1etik aurrera eta, beraz, udako lanpostuak betetzeko Udalak egin zuen deialdiaren epea ere berraktibatu egingo da. Deialdian parte hartzeko epea bukatzeko bost egun geratzen zirenez, ekainaren 1etik 5era izango dute aukera herritarrek udako lanpostuetarako izena emateko. Lehendik izena emanda dutenek ez dute ezer egin behar. Behin izena emateko epea bukatuta, Udalak hautaketa-probak egingo ditu, ahalik eta lasterren, lanerako hartuko dituenak aukeratzeko. Kontuan hartuta udako denboraldia uztailaren 1ean zabalduko dela, azkar egin beharko ditu Udalak egin beharrekoak.

Xabier Ibargurenek, prentsaurrekoa bukatzeko, honakoa adierazi du: «Ez dira erabaki errazak izan. Gogo biziz gaude hutsak geratu zaizkigun espazioak, jai giroz betetzeko. Kulturatik, berriz ere egin eta eraginez, herri bizia izaten jarraitu nahi dugula argi dugu. Orain, ordea, ardura kolektiboz jokatzen jarraitzea dagokigu Udaletik, soseguz, zaintza eta osasuna erdigunean jarrita. Festak eta kultura programazioa itzuliko da eta indartsuago itzuliko da».

Webgune honek cookie propioak eta besteenak erabiltzen ditu, nabigazio zerbitzuak hobetzeko asmoz. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookieen politika onartzen duzula ulertuko dugu.