Ekainaren 15ean irekiko da Karela kiroldegia

Deskonfinamenduaren hirugarren fasean kirol-instalazioak irekitzeko aukera dago, gehienez %60ko aforoarekin, eta taldeko entrenamenduak ere egin ahal izango dituzte, besteak beste, arraunlariek.

Karela kiroldegia ekainaren 15ean irekiko da, datorren astelehenean, eta aste honetan lotuko ditu Udalak zehaztasunak BPXport enpresarekin.

Udal-pilotalekuak itxita jarraituko du oraingoz.

Haurreskola

Eusko Jaurlaritzak 0-3 urtekoentzako haur eskolak irekitzea baimendu du gaurtik aurrera, gehienez aforoaren %60arekin.

Haurreskolek erabakia zuten irailera arte ez irekitzea, baina gaia berriz aztertuko dute orain. Maria Maestra haurreskolak gurasoekin hitz egingo du egun hauetan eta, aldaketarik bada, jakinaraziko du.

Ostalaritza eta merkataritza

Ostalaritzan ez da, aurrerantzean, gehienezko afororik izango ez terrazatan eta ez barruan, nahiz eta bi metroko distantzia zaintzen segitu beharko duten bezeroek eta zerbitzariek. Bestalde, orain bezeroek aukera izango dute barran kontsumitzeko.

Merkataritza-establezimenduetan, berriz, aforoaren %60a baimenduko da; hor ere, distantziak zainduta.

Herritarren mugikortasunari dagokionez, gaurtik aurrera aukera izango dugu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako edozein tokitara joateko, inolako mugarik gabe; Nafarroara, oraindik ez.