Alkateak igandeko estropadetara ez etortzeko deia egin die herritarrei

Traducción automática al castellano

Igande eguerdian Orion jokatuko diren estropadak direla eta, oharra argitaratu du Anuska Esnal Oliden alkateak, herritarrei eskatuz Oriora ez etortzeko eta estropadak telebistaz ikusteko.

Honela dio oharrak:

COVID-19ak guztiz baldintzatu du gure egunerokoa azken hilabeteotan eta, pandemiari aurre egiteko ahalegin handia egin dugun arren, oraindik ez dugu egoera gainditu. Gure eskualdean, gainera, kezkatzeko motiboak baditugu azken egunotan gaixotasunak egin duen eboluzioarekin eta, horrenbestez, arduraz jokatzeko unea da.

Inoiz egin gabeko gauza asko egin behar izan ditugu hilabete hauetan, halabeharrez, eta, oraingo honetan ere, ondo gauza ezohikoa eskatzera gatoz: Orion igandean izango diren estropadetara ez etortzeko deia egiten dizuegu herritarrei, herrian jende-pilaketarik ez izateko eta arriskurik ez hartzeko.

Arraunzale guztiok nahi izaten dugu gure neska-mutilak zuzenean animatu eta estropada-giroa bertatik bertara gozatu, baina bizi dugun egoera honetan, zuhurtzia, ardura eta elkartasuna eskatu behar diegu herritarrei. Etorriko dira berriro garaiak estropadak lehengo eran gozatzeko, baina, gaur-gaurkoz, ekintza solidario bat da etxean geratu eta gure arraunlariak telebistaz ikusi eta animatzea.

Eskerrik asko aldez aurretik eta jaso nire agurrik beroena.

Orio, 2020ko uztailaren 17a.

Anuska Esnal Oliden
alkatea

Webgune honek cookie propioak eta besteenak erabiltzen ditu, nabigazio zerbitzuak hobetzeko asmoz. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookieen politika onartzen duzula ulertuko dugu.