Herriko tabernek 02:00etan itxi beharko dutela erabaki du Udalak, tabernariekin adostuta

Orioko Udala arreta handiz ari da aztertzen inguruko herrietako COVID-19aren agerraldiak, eta ostalariekin harremanetan dago etengabe, egoeraren segimendua egiteko eta momentuan momentuko erabakiak hartzeko.

Jakina denez, azken egunotan kasu positibo batzuk izan dira inguruko herrietan eta Orion bertan; batez ere gazteak dira eta, itxura batean, gaueko taberna-giroan kutsatu dira. Hori dela eta, inguruko herrietan murriztu egin dituzte gaueko tabernen ordutegiak, eta Udala kezkatuta dago horrek jende-pilaketak sortu ditzakeelako Orioko tabernetan eta taberna-inguruetan.

Kezka horri erantzun bateratua emateko, uztailaren 23an, ostegunarekin, bilera egin zuen Udalak Orioko ostalaritza-establezimenduen arduradunekin eta hainbat neurri adostu zituzten, arriskuak prebenitzeko eta herritarren segurtasuna bermatzeko. Neurri horiek gaurtik aplikatuko dira eta behin-behinekoak izango dira: egoera epidemiologikoaren bilakaeraren arabera, eta inguruko udalekin koordinatuta, erabakiko du Udalak noiz arte izango diren indarrean.

Gaueko ordutegia murriztu

Hauek dira Udalak hartu dituen erabakiak:

  • Bigarren kategoriako tabernen eta establezimenduen egun arruntetako ordutegia ez da aldatuko eta, beraz, 01:30ean itxi beharko dituzte, orain arte bezala.
  • Bigarren kategoriako tabernek guztiz itxita egon beharko dute 02:00etarako ostiraletan, larunbatetan eta jaiegun bezperatan. Titularraren ardura izango da ordutegia zorrotz betetzea.
  • Hirugarren kategoriako establezimenduek ere guztiz itxita egon beharko dute 02:00etarako astelehenetik igandera bitartean. Titularraren ardura izango da ordutegia zorrotz betetzea.

Kalean kontsumitzea debekatuta dago

Herritarrei gogorarazten zaie, Osasun Sailaren 2020ko uztailaren 15eko aginduak esaten duenarekin bat etorrita, galarazita dagoela tabernatik kanpo kontsumitzea, baimendutako terrazan ez bada.

Higiene- eta segurtasun-neurriak zorrotz betetzeko deia

Udalak dei egiten die berriro ostalariei eta tabernetako erabiltzaileei zorrotz bete ditzaten higiene- eta segurtasun-neurriak eta Udalak eta Eusko Jaurlaritzak emandako aginduak.

PCR probak nori egin, Osasun Sailak erabakitzen du

Herritar batzuk kezka azaldu diote Udalari, herrian PCR proba gutxi egiten ari omen direlako. Udalak gogorarazi nahi du Osasun Sailaren ardura dela PCR probak non eta nori egin erabakitzea eta, oraingoz, ez duela ikusi Orion probak modu orokortuan egiteko premiarik. Beraz, herritarrei lasaitasun-mezua zabaldu nahi die Udalak, arduraz jokatzeko deia egitearekin batera.