Udalak oharra argitaratu du, herritarrei jakinarazteko zertan diren Herriko Plaza-Aritzagako lanak

Herriko Plazan eta Aritzaga kalea eta inguruetan saneamendu berria sartzeko eta urbanizazioa berritzeko lanak 2019ko irailean hasi ziren. Obraren hasierako planifikazioaren arabera, lanak aurtengo ekainaren bukaerarako, San Pedro jaietarako, amaitzea aurreikusten zuen Udalak. Koronabirusaren krisiak, ordea, atzerapenak eragin ditu: alde batetik, lanak geratuta egon dira bolada batzuetan eta, bestetik, arazoak sortu dira materialaren horniduran.

Koronabirusak eragindako atzerapenak kontuan hartuta ere, Udalak aurreikusten zuen lanak guztiz bukatu zitezkeela irailaren erdirako, baina hori ere ez da posible izango, arazoak egon direlako lurzoruko harlauzen hornidurarekin.

Lurzoruko harria basaltozkoa izatea aukeratu zen eta obra egiten ari den Aritzaga ABEEk (Aldi Baterako Enpresa-Elkartea, Altuna y Uria eta Viuda de Sanz enpresek osatutakoa) material hori Txinatik ekarri zuen. Materiala atzerapenarekin iritsi zen eta, gainera, behin jartzen hasita, egoera ezegokian zegoela ikusi du Udalak. Hori dela eta, Udalak, irizpide teknikoak erabiliz, atzera bota du material hori eta lurzorurako harlauza berriak ekartzea eskatu du.

Momentu honetan Udala aztertzen ari da lurzorurako zein alternatiba izan daitekeen egokiena eta, behin aukeratutakoan, ahalik eta azkarren eskuratu eta instalatzen hasiko da. Kontuan hartuta harlauzen instalazioa bizpahiru hilabete luzatu daitekeela, Udalak ahalegina egingo du lan guztiak Gabonetarako bukatzen.

Gainontzean, obra nahiko osatuta dago eta Udalak ahalegin berezia egin du plaza ingurua erabilgarri egon dadin, nahiz eta lurzorua bukatu gabe egon. Falta diren lan txikiak (lurpeko edukiontziak jartzea eta zenbait erremate) datozen asteotan bukatuko dituzte.

Eremuan kontuz ibiltzeko deia

Atzo kendu zituzten plazako kioskoaren bueltako hesiak eta ingurua libre geratu da erabiltzeko, nahiz eta Udalak gogorarazi nahi dien herritarrei eremu hori obra-eremua dela oraindik eta, beraz, obrak guztiz bukatu arte, kontu handiz ibili behar dela hor, estropezuak eta erorikoak ez gertatzeko.