Udal Elkarteak dei egiten die herritarrei edukiontziak behar bezala erabiltzeko

Traducción automática al castellano

COVID-19ak sortutako osasun-egoera dela eta, organikoaren eta errefusaren edukiontziak udan ere irekita egon dira, Urola Kostako Udal Elkarteak hala erabakita.

Udal Elkarteko lehendakari Lourdes Salsamendik, uztail-abuztuetako erabilera aztertuta, adierazi du «erantzukizunez» jokatzeko garaia dela: «Edukiontziak irekita egonagatik, hondakinak behar bezala sailkatzen jarraitu behar dugu; frakzioak bereizita, dagokien edukiontzian».

Poltsak kanpoan uztea, debekatuta

Udal Elkarteak berriz ere dei egiten die eskualdeko herritar guztiei edukiontziak behar bezala erabil ditzaten, hondakin bakoitza behar bezala sailkatuz.

Lourdes Salsamendik gogorarazi du «erabat debekatuta» dagoela poltsak edukiontzien kanpoaldeetan uztea eta hau adierazi du: «Orain arte oso emaitza onak izan ditu hondakinen bilketa-zerbitzuak, baina, eraginkorra izan dadin, ezinbestekoa da herritarren ardura eta konpromisoa».

Merkatari eta ostalariei ere, oharra

Udal Elkarteko presidenteak ere esan du puntuz puntuko bilketa-zerbitzua erabiltzen duten merkatari eta ostalariek ezin dituztela utzi sailkatu gabeko hondakinak herritarren edukiontzietan. Lourdes Salsamendik nabarmendu du merkatari eta ostalariek behar bezala erabili behar dutela eskaintzen zaien zerbitzu pertsonalizatua eta gaineratu du Udal Elkartea etengabe ari dela zerbitzu hori hobetzen eta doitzen.

Altzari eta traste zaharrak, asteartetan

Azkenik, azpimarratu du, bolumen handiko altzariak eta traste zaharrak kalera ateratzean, ezinbestekoa dela dagokion unean eta era ordenatuan ateratzea.

Orion, asteartetan atera behar dira, 20:00etatik 22:00etara. Egun horretan ezin bada atera, Garbigunera eraman behar dira trasteak, asteko edozein egunetan, astelehenetik larunbatera.

Ardura eta errespetu eske

Ingurumenarekiko begiruneaz gain, osasun-arrazoiak ere gogoratu nahi izan ditu Udal Elkarteko presidenteak: «Bizi dugun ezohiko egoera honetan, ezin gara lasaitu birziklatzeko orduan: ingurumenarekiko begirunez, arduraz eta errespetuz jokatzeko garaia da, guztion osasuna babesteko modu bakarra da-eta; baita bilketa-zerbitzuko langileena ere».

Webgune honek cookie propioak eta besteenak erabiltzen ditu, nabigazio zerbitzuak hobetzeko asmoz. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookieen politika onartzen duzula ulertuko dugu.