EGOERA BERRIARI BURUZKO GALDERA-ERANTZUNAK

Zer esan nahi du Orio «zona gorrian» sartzeak? Herritarren zalantzak argitzeko, galdera-erantzun sorta hau prestatu du Udalak.

Ba al daukat herritik ateratzerik?

Ez, ez bada lanerako, medikuarenera joateko edo derrigorrezko beste eginkizunen baterako (arau orokorraren salbuespenak urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuan zehaztutakoak dira, ez besterik; eta behar bezala akreditatu beharko dira beti).

Ertzaintzak eta udaltzaingoak jendearen sartu-irtenak kontrolatuko dituzte.

Salbuespena akreditatzeko, Eusko Jaurlaritzak prestatutako agiri-eredu hauek baliatu ditzakezu.

Herritik kanpoko jendeak Oriora etortzerik badu?

Ez.

Ondoko herrira joaterik badaukat?

Ez, ondoko herrira ere ez daukazu joaterik. Ez dago salbuespenik horretan. Orion geratu behar duzu.

Erosketak egitera ere ez?

Ez. Salbuespen bakarra da erosi behar duzun hori behar-beharrezkoa izatea eta herrian aukerarik ez izatea erosteko.

Tabernak eta jatetxeak ireki daitezke?

Ez, itxita egon behar dute, baina eman dezakete etxerako zerbitzua (22:00ak arte) edo janaria bertan jasotzeko zerbitzua (21:00ak arte). Janaria taberna edo jatetxean jasotzeko, aldez aurretik hartu behar da ordua.

Guztiz debekatuta dago kalean alkoholdun edariak kontsumitzea.

Kirola egin daiteke?

Bakarka bai, herritik atera gabe.

Taldean ez, salbuespen gutxi batzuk kenduta: talde profesional edo erdiprofesionalak, kiroldegiko ikastaro edo jarduera programatuak… Nolanahi ere, beti, sei laguneko taldeak izango dira gehienez.

Noiz arte aplikatuko dira neurriak?

Tasa berriro 500etik jaisten den arte. Jaurlaritzak astean bitan argitaratzen du «zona gorrian» dauden herrien zerrenda: astelehenetan eta ostegunetan. Neurri hauek indarrean egongo dira Orioko intzidentzia-tasa metatua 500etik gora dagoen bitartean. Ikusi hemen Eusko Jaurlaritzak argitaratutako azkeneko zerrenda:

Zona gorriko udalerrien zerrendak