Orioko Emakumeon* Ahalduntze Eskolak prentsaurrekoa eman du, urteko lehen jarduerak aurkezteko

Traducción automática al castellano

Bertan izan dira Eider Goiburu eta Aizpea Esnaola, Ahalduntze Eskolakoak, eta Anuska Esnal alkatea eta Maite Ortiz gizarte-laguntzailea, Udalaren aldetik.

Aizpeak eta Eiderrek gogorarazi dutenez, 2019an sortu zen Ahalduntze Eskolaren proiektua: aurrena herriko emakumeen beharren diagnostikoa egin zuten eta, ondoren, Ahalduntze Eskola jarri zuten martxan, 2020an.

Hasieran proiektu txikia zen eta, batez ere, erreferentziazko toki bat sortu nahi zuten herriko emakumeentzat, eta prestakuntza-ikastaroak eta ekintzak antolatu. Ekimenak, ordea, arrakasta handia izan du eta, pixkanaka, aldatu ere egin da: herrian gertatzen diren indarkeria matxisten kasuak agertzeko toki bat bihurtu da hainbat herritarrentzat eta horiek bideratzeko laguntza eman dute Eiderrek eta Aizpeak. Ahalduntze Eskolak, beraz, beste dimentsio bat hartu du, hasieran aurreikusitakoa baino handiagoa.

Zerbitzu juridikoa martxan

Garazi Pagola Ugarte eta Macarena Mujika Urbistondo abokatuek aholkularitza juridikoa eskainiko diote emakumeei, hilean behin. Gai hauei buruzko aholkularitza eskainiko dute: dibortzioa, emakumeen kontrako erasoei buruzko prozesu penalak, dibortzio prozesuetatik sortutako gatazkak, laguntza sozialak, atzerritartasunarekin lotutako arazoak, diskriminazioa, etxeko langileen kaleratzea eta beste hainbat gai. Zerbitzua Ahalduntze Eskolako bulegoan bertan emango dute.

Bestetik, indarkeria matxista jasaten duten emakumeei ere aholkularitza zerbitzua emango diete Orioko Ahalduntze Eskolako teknikariek. Egoera horretan dauden emakumeei arreta pertsonalizatua eskainiko diete; bakoitzaren beharrak aztertu eta dagokion erakunde publikora bideratuko dituzte eta harremanetan jarriko dituzte parekidetasunarekin lotutako erakunde, elkarte eta zerbitzuekin, indarkeria egoerari erantzun koordinatua emateko. Zerbitzu hau Ahalduntze Eskolaren bulego ordutegian eskainiko da eta hitzordua hartu beharko da aldez aurretik.

Ikastaroak eta hitzaldiak

Martxoaren bukaera bitartean antolatu dituzten ikastaro eta hitzaldiak hemendik deskargatu daiteke:

2021eko lehen hiruhileko programa (PDF)

Harremanetarako

Orioko Emakumeon Ahalduntze Eskolarekin harremanetan jarri nahi duten emakumeek horretarako aukera dute Orioko Kultur Etxeko lehenengo solairuko bulegora agertuta, 623 178 553 telefonora deituta edo ahalduntzeeskola@orio.eus idatzita.

Ahalduntze Eskolaren ordutegia zabaldu egin da eta, aurrerantzean, astean hiru egunez egongo da zabalik: astelehenetan, 16:00etatik 20:00etara; asteazkenetan, 10:00etatik 13:00etara; eta ostiraletan, 16:00etatik 20:00etara.