UdalHiztek proiektuaren emaitzak aurkeztu dituzte Elhuyarrek, Orioko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak

Hizkuntza-teknologien bidez euskara udalen eguneroko funtzionamenduan sustatzea helburu duen UdalHiztek proiektuaren emaitzak aurkeztu dituzte Elhuyarrek, Orioko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, gaur, Orioko udaletxean egindako aurkezpenean.

Hizkuntza-teknologia berriak baliatu nahi ditu Orioko Udalak, euskara hutsez funtzionatu ahal izateko, itzulpen-lana makinari utzita, eta teknologia horiek probatu ditu UdalHiztek proiektu pilotuaren barruan. Udalak efikazian eta efizientzian aurreratzeko erabili nahi ditu hizkuntza-teknologiak eta, aldi berean, lanean darabilen hizkuntzaren kalitatea hobetu.

Aurkezpenean izan dira Jon Abril Olaetxea, Elhuyarreko koordinatzaile nagusia; Anuska Esnal Oliden, Orioko alkatea; eta Garbiñe Mendizabal Mendizabal, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari nagusia. Haiekin batera izan dira proiektuaren arduradunak ere, Elhuyarreko Itziar Cortés Etxabe eta Juanjo Pérez Martínez de Lahidalga.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz–GipuzkoaLab dirulaguntza-deialdiaren bidez finantzatu da proiektu hau, Elhuyarrek sustatu eta Orioko Udalean urte eta erdiz landu dena. Prozesua Elhuyarrek gidatu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Estrategia eta Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritzek eta Orioko Udaleko teknikari eta arduradun politikoek hartu dute parte. Esperientzia piloturako Orioko Udala aukeratu zen, proiektua bertan gauzatzeko baldintzak betetzen zituelako (aurrez ere Udalean euskara erabiltzen zen, soziolinguistikoki euskalduna da), eta proiektuan sinetsi eta parte hartzeko asmo sendoa agertu zuelako.

Bi hizkuntza ofizialen erabilerak buruhauste eta arazo ugari ekarri ohi ditu administrazioen egunerokoan, bereziki dokumentazio guztia bi hizkuntzetan sortu behar izaten denean. Egoera horiek hobeki kudeatzeko asmoarekin sortu da UdalHiztek proiektua. Hala, udal batek barne- eta kanpo-komunikazioak euskaraz gauzatzeko dituen beharrak hautematea, eta hizkuntza-teknologiak baliatuz horretarako irtenbideak proposatzea eta aplikatzea izan da egitasmoaren egitekoa, betiere euskara ardatz harturik. Izan ere, udalek euskaraz lan egitea lortu nahi da UdalHiztek egitasmoarekin, euskaraz ez dakiten langile eta herritarren hizkuntza-beharrak hizkuntza-teknologien bidez asez.

Egitasmo honek euskara erdigunean jartzen du, udaleko edukiak sortzeko hizkuntza euskara dela bermatuz. Gainera, hizkuntza-gaitasuna handitzea ahalbidetzen du, eta testuinguru elebidunetan sortzen diren lan gehigarriak ekiditeko aukera ematen du, itzultzaile neuronalari eta jarraibide eta prozedura egokiei esker.

Proiektua ez da mugatzen teknologia batzuk ezartzera. Azken urratsa da hori. Aurrez, udalaren egoera soziolinguistikoa aztertzen da, langileek euskaraz jarduteko eta idazteko dituzten zailtasunak eta hobetzekoak identifikatu, eta bestelako muga edo zailtasun batzuk hauteman dira (bideoak, ikus-entzunezkoak, sareko edukiak…). Hobetzeko hipotesi batzuk planteatzen dira, eta bi lan-ildo nagusi ezarri: batetik, udalak eguneroko lanean dituen behar linguistikoekin lotutako irtenbide teknologiko batzuk proposatzen dira; bestetik, horietan oinarrituta, aurrerantzean jokatzeko metodologia adosten da. Bi dira Orion erabili diren teknologiak:

  • Itzulpen automatikoa: ohiko itzulpenak errazteko erabili da. Alde batetik, Udaleko langileek edukiak euskaraz sortzeko, eta, beharraren arabera, gaztelaniazko edukiak automatikoki itzultzeko; beste alde batetik, Udalean bertan euskara-teknikariak itzultzen dituen testuak lantzen laguntzeko. Horrez gain, Orioko Udaleko orio.eus webgunean ere itzultzaile automatikoa integratu da, euskara hutsez argitaratutako albisteak gaztelaniaz irakurri ahal izateko, irakurleren batek beharra badu.
  • Hizketaren ezagutza: udalbatzarrak azpititulatzeko erabili den teknologia da. Udalbatzarretako bideoetan eta zuzeneko emankizunetan, euskaraz nahiz gaztelaniaz hitz egiten dutenen ahotsa azpititulatu da, eta itzulpen automatikoarekin itzulpenak egin dira: euskaraz hitz egiten denean gaztelaniazko azpitituluak sortu, eta, alderantziz, gaztelaniaz hitz egiten denean euskarazko azpitituluak erakutsi.

Euskara hutsean lan egin, efikazian eta efizientzian aurreratzeko

Bide horretan, Orioko Udalak euskara hutsez funtzionatzeko erabili nahi ditu hizkuntza-teknologiak, lagungarri gisa. Euskaraz lan egiteko tresna egokiak dira eta, horrenbestez, Udalaren kudeaketa hobetzeko balio dute. Izan ere, euskara hutsean lan eginda —eta itzulpen-lana makinari utzita— Udala askoz eraginkorragoa izan daiteke, beti lan guztiak bi hizkuntzetan egin beharraren katetik askatuta. Orioko Udalak efikazian eta efizientzian aurreratzeko erabili nahi ditu hizkuntza-teknologiak eta, aldi berean, lanean darabilen hizkuntzaren kalitatea hobetu.

Administrazioetan euskarazko zirkuituak sortzeko aliatu aproposa bihur daiteke egitasmo hau, eta testuinguru elebidunetan ulermena bermatzeko. Hartara, Orioko Udalak egin bezala, dokumentazio guztia ez da zertan ele bitan zabaldu beharrik izango, euskaraz ez dakienak hizkuntza-teknologien bidez jasoko baitu informazioa.

Azpimarratzekoa da, era berean, halako teknologiak erabiltzeak edukietarako irisgarritasuna bermatzen dietela administrazioko langileei eta herritarrei; ez hizkuntzaren aldetik bakarrik, entzumen-urritasuna dutenentzat ere oso baliagarriak baitira, azpitituluak, adibidez.

Egitasmoa hedatzeko une aproposa dela irizten diote sustatzaileek, batetik, administrazioko langileen euskara-gaitasuna inoizko handiena delako; bestetik, hizkuntza-teknologietan azken urteotan egin diren urratsek gaitasun teknologiko handia ematen dutelako; eta, hirugarrenik Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeak aukera zabaltzen duelako udalek guztiz euskaraz lan egin dezaten.

UdalHiztek proiektuaren hurrengo urratsa izango da metodologia hau beste udal eta administrazio batzuetara zabaltzea, hau da, Orioko Udalean erabili den metodologia beste ezaugarri batzuk dituzten administrazio eta errealitate batzuetan aplikatzea.