Kiroldegian ate automatikoa jarri du Udalak

Traducción automática al castellano

Herriko eraikinen irisgarritasuna hobetzen ari da Udala, pixkanaka, eta, ahalegin horren barruan, Karela kiroldegiaren atea aldatu du egun hauetan. Lehengo ate zaharraren partez, ate automatikoa instalatu du Udalak, sartu-irteera erosoagoa izan dadin mugikortasun-arazoak dituztenentzat, haur-kotxearekin doazenentzat eta, oro har, edozein herritarrentzat.

Ate automatiko berria instalatuta eta martxan dago dagoeneko, nahiz eta oraindik azken erremateak falta dituen, argazkian ikusten den bezala. Datozen egunotan egingo dira erremate horiek.

Atea instalatzeko lanak Manusa eta Fabri enpresek egin dituzte eta 8.000 euro inguruko kostua izan dute.

Kiroldegiko sarrera nagusitik kendu den atea goiko pisuko sarreran jarriko du Udalak, orain dagoena baino arinagoa eta hobea baita.

Irisgarritasun hobea

Ate automatikoek asko hobetzen dute eraikinen irisgarritasuna eta Udala, pixkanaka, herriko eraikin publikoetako ateak aldatzen ari da, automatikoak jarri eta erabiltzaileentzat erosoagoak izateko. Lehenbizi, 2018an, anbulatorioko sarrerako atea aldatu zuen Udalak eta, ondoren, 2019an, kultur etxeko atea eta udal-liburutegikoa aldatu zituen. Aurrerantzean ere, bide horretan jarraituko du Udalak.