Herri barruan autoaren erabilera mugatzeko eskatzen die Udalak herritarrei

Traducción automática al castellano

Herritar askok ohitura du herriko mugen barruan autoz mugitzeko batetik bestera, edozein enkargu egiteko, lagunengana jotzeko, hondartzara joateko… Batzuk mugikortasun-arazoak dituztelako egiten dute horrela, eta ondo dago; baina beste askok, ordea, besterik gabe horrela ohitu direlako.

Orioko herriak tamaina egokia du batetik bestera oinez edo bizikletaz mugitzeko, eta Udalak hori bultzatu nahi du, irtenbiderik ekologikoena eta osasungarriena delako.

Hondartzara ere oinez edo bizikletaz

Iaz herritar askok ohitura hartu zuen hondartzara autoz joateko, kabinetako kontsignak itxita zeudelako eta, autoa han edukiz gero, beren gauzak uzteko erabili zezaketelako. Aurten, ordea, kontsignak irekita daude berriro eta edozein herritarrek erabili ditzake. Ez dago, beraz, aitzakiarik hondartzara oinez edo bizikletaz ez joateko.

Herri ibilgarria

Herriko Plazan eta inguruan egin diren aldaketek erakusten dutenez, Udala ahalegina egiten ari da herria oinezkoentzat erosoagoa eta «ibilgarriagoa» bihurtzeko, eta aurrerantzean ere bide horretan sakontzeko asmoa du.