Oraindik badaude sarrerak Eñaut Elorrietaren ostiraleko kontzerturako

Udalak udan antolatutako kultur agendaren barruan, Eñaut Elorrieta kantari gernikarrak kantaldia emango du Orion uztailaren 9an, ostiralarekin. Kantaldia 19:00etan izango da, Karela kiroldegian.

Kontzerturako sarrerak aldez aurretik erosi behar dira, 10 euro ordainduta, eta interesatuek oraindik badaukate erosteko aukera kultur etxera joanda.

Eñaut Elorrieta sortzaile eta kantaria

Eñaut Elorrieta (Gernika, 1975) euskal sortzaile eta kantaria Ken Zazpi taldean aritu zen urtetan eta, ondoren, bakarkako bideari heldu zion, 2013an «Deserriko Kantak» diskoa kaleratu zuenean.

Gero, Ken Zazpirekin argitaratutako disko sinfonikoak eta Labeque ahizpekin egiten duen kolaborazio-lanak mundu klasikoan arakatzera eraman zuen eta «Harian» proiektua sortu zuen Euskadiko Orkestra Sinfonikoko bost musikarik osatutako Kaabestri String Ensemble hari-boskotearekin batera.

Bakarka egindako bidearen azken emaitza «Irteera argiak» diskoa izan da eta disko horretako kantak joko ditu, bereziki, Orioko kontzertuan. Bateria, baxua, gitarra elektrikoa eta biolinak lagunduta taularatuko da Eñaut Elorrieta eta, kanten letrei dagokienez, batzuk bereak dira eta beste batzuk, berriz, idazle ezagunenak: Uxue Alberdi, Joseba Sarrionandia, Jose Luis Otamendi …