Dagoeneko zabaldu dira Orion «Ongi etorri euskararen herrira!» kanpainaren euskarriak

Kanpotik bisitariak datozenean, denoi gustatzen zaigu gure leku maiteenak eta altxor preziatuak erakustea, daukagun onena konpartitzea. Orio herri euskalduna da, eta bisitari ugari jasotzen ditu, batez ere uda partean eta, horrexegatik, Orioko Udalak «Ongi etorri euskararen herrira!» kanpaina martxan jarri du, Urola Kosta mankomunitatearekin elkarlanean. Kanpainak eskaintza turistikoaren erdigunean jartzen du euskara, gure kultur ondareari balioa emanez.

Kanpainaren euskarriak ikusgai

Dagoeneko lehen urratsak egin ditu Orion «Ongi etorri euskararen herrira!» kanpainak eta ja ikusgai daude kalean, herriko denda, ostalaritza-establezimendu eta ostatuetan gure hizkuntzari erreferentzia egiten dioten euskarriak. Esate baterako, Herriko Plazako eta hondartza aldeko faroletan hainbat kartel jarri dira; Urola Kostako herrietako irudiak dira, eta bisitariei keinu txiki bat egiten zaie bertatik, Europako hizkuntza zahar biziena ezagutzeko gonbita eginez. Bestalde, ostalaritza-zerbitzuetan mahai zapiak banatu dira, euskarazko oinarrizko hitzen hiztegitxo batekin (ikusi irudia). Mostradoreetan jartzeko kartoizko euskarri txikiak ere badituzte dendek, eta beste zenbait establezimenduk kanpainaren leloarekin apaindu dituzte erakusleihoak.

Ongietorrieuskararenherrrira mahaizapiak2021

Horrez gain, ikus-entzunezko labur batzuk prestatu dira, bisitariek euskararekin nola jolastu dezaketen ikustarazteko. Bideo horiek sare sozialetan eta Donostiako D Bus autobusetan erakutsiko dira.

Azken egunotan egin da euskarrien banaketa denda, ostatu eta tabernetan. Halere, establezimenduren bat falta bada euskarriak jasotzeko, jarri dadila turismo departamentuarekin harremanetan (turismoa@orio.eus edo 639 855 946 telefonoan) eta emango zaizkio.