Indartu egin da hondartzako hondakin bilketa sistema

 

Hondartzako alboetako bi sarreretan hondakinak biltzeko guneak indartu egin dira. Udalak Gipuzkoako Aldundiari eskatu dio bi gune horietan edukiontzi gehiago jartzeko, ikusita joan-etorri handiko egunetan azkar egiten zutela gainezka.

Modu horretan, sarrera bakoitzean bi edukiontzi gehiago daude, bederatzi guztira. Ontzi arinak jasotzeko hiru egongo dira aurrerantzean, beste hiru errefuxa biltzeko, eta organikoa, papera eta beira botatzeko bana. Horiek soilik hondartzako erabiltzaileentzako dira. Izan ere, inguruko tabernek badituzte inguruan haien hondakinak biltzeko guneak.

Horrez gainera, edukiontziak husteko zerbitzua ere indartu egin da. Goizero 11:00etan jasotzen dituzte hondakinak, eta eguraldi ona egiten duenean, 17:00etan beste bilketa bat egiten dute. Hondartzako eremuan zaborrak kudeatzeko eskumena du aldundiak.