Zozketa publiko bidez banatu dira herri-baratzetako 44 partzela

Herri-baratzeak adjudikatzeko prozedura azken txanpan dago. Udalak aste honetan zozketa publiko bidez banatu ditu herri-baratzetako 44 partzela. Alde batetik, gaur egungo bost erabiltzaileen artean 60 m2ko bost zozketatu dira. Bestalde, 39 partzela esleitu dira beste 95 eskatzaileren artean. Zozketa udalbatzar aretoan egin zen astelehenean, uztailaren 26an. Lotura honetan dira emaitzak. 

Bigarren zozketako 95 pertsona horien artean badaude etxe berean erroldatutako senitarteko edo lagunak. Herri-baratzeak ahalik erabiltzaile gehienei zabaltze aldera, bizikidetza unitate bakoitzeko partzela bat adjudikatuko da. Modu horretan, elkarrekin bizi diren hainbat pertsona baldin badaude zerrendan, zozketan lehenengo ateratakoari egokituko zaio baratzea, eta gainerakoak atzera botako dira zerrendan. Hortaz, itxaron zerrendan daudenak joango dira hartzen soberako partzela horiek.

Udala harremanetan jarriko da partzela esleitu zaien erabiltzaileekin, baldintzak azaltzeko eta kontratua sinatzeko. Baten batek uko egingo balio, itxaron zerrendara joko da partzela guztiak bete arte.