Zaragueta eskolako eremua jendeari irekita egongo da asteburuetan, urriaren 2tik aurrera

Asteburu eta jaiegunetan goizeko 10:00etan ireki eta 20:00etan itxiko da.

Zaragueta Herri Eskola eta Udala ados jarri dira eskolako eremua herritarrentzat zabalik egoteko urriaren 2tik aurrera. Asteburu eta jaiegunetan irekiko da eremua, goizeko 10:00ak eta arratsaldeko 20:00ak bitartean.

Eskoletako jolastokiek aukera ederra ematen dute haur eta gazteen aisialdirako eta, gainera, familien topaleku izaten dira maiz eskolaz kanpoko orduetan. Horregatik, herritarrei kanpo-eremuak erabiltzeko aukera ematea adostu dute Zaragueta eskolak eta Udalak. Kanpoko eremu osoa ireki arren, ikastetxeko eraikina eta komuna itxita egongo dira.

Arduraz erabiltzeko deia

Herritarrek, beraz, beste gune bat gehiago edukiko dute jolasteko, egoteko eta disfrutatzeko. Guztion ardura da orain irabazitako eremu berria behar bezala erabiltzea eta txukun mantentzea, herriko gainontzeko eremuak bezala. Eskolak eta Udalak jarraipena egingo diote eremuaren erabilerari, sortu daitezkeen arazoak aztertu eta elkarrekin bideratzeko.