Oria ibaian, Ibai-Ondo pasealekuaren parean, 65 ontziraleku edo alune daude; beste hainbat Aitzondo inguruan eta ibaian gora jarraituta. Haien jabeek urte hasieran jaso zuten Espainiako Kosta Zuzendaritzaren gutuna, ontziralekua legeztatzeko proiektu bat aurkeztu behar zutela esanez. Horretarako, bi arrazoi nagusi eman zizkieten: ontziralekuen jabeen datuak zehaztea, eta balizko istripuen aurrean, arduradunak finkatzea.

Ontziralekuen jabe gehienak adineko pertsonak dira, eta, Kosta Zuzendaritzaren eskaerari aurre egiteko, zailtasun administratiboak eta kostu ekonomiko nabarmenak aurreikusten zituzten jabeek.

Horren aurrean, Anuska Esnal alkateak proiektu bateratua gauzatzeko ardura hartu zuen bere gain. Alunetako baten jabe den Luis Azkuerekin batera, inbentarioa egiteko proposamena egin zieten jabe guztiei, ontziraleku bakoitza norena den eta zein egoeratan dagoen jakiteko. Eta, astebetez, udaletxeko bulegoa zabaldu zieten, Kosta Zuzendaritzari bidali beharreko eskaera administratiboa idazkariaren laguntzarekin egin zezaten.

Esnalen hitzetan, aluneak herriaren ondare dira, eta haiek egoera onean mantentzea ezinbestekoa da: «Kirol-portutik kanpora, itsasontzi txikiak herrian bertan edukitzeko aukera ematen diete herritarrei, eta balioan jarri behar dira». Azkueren iritziz, «guztiontzako araudi bat sortzea garrantzitsua da, eta esker ona adierazi nahi diogu Udalari, lidergoa hartu duelako».

Enbarkaderoa21-01.jpg

 

28. ontziralekua kendu dute

Udalak aurkeztutako txostenean proposatutakoari jarraituz, Espainiako Kosta Zuzendaritzak egoera txarrean zegoen lehen ontziralekua kendu du gaur, azaroak 18. Atzo jakinarazi zioten Udalari asmoa, eta Esnalek ontziralekuen jabeak jakinaren gainean jarri zituen. Itsasbehera aprobetxatuz, goizean goiz erretiratu dituzte piezak.

Aldez aurretik, Azkuek berak ere hiruzpalau kendu ditu jabeekin adostuta. «Ontziralekuen eskari handia dago, geroz eta gehiago direlako ontzia hemen eduki nahi duten kanpotarrak. Eta ez Orion bakarrik. Horregatik, gaian ardura dutenei erantzun bat bilatzeko eskatu nahi diegu».

Aurrera begira, Udalaren asmoa da ontziralekuen jabeen elkarte bat sortzea. «Herritarrek beldurra zuten, baina egoerari konponbidea eman behar zitzaion, eta Udalak administrazioarekin eta Kosta Zuzendaritzarekin duen harremana aprobetxatuz, gaia bideratu dugu», gaineratu du Esnalek.