Ekitaldi telematikoa

Urola Kosta eskualdeko ikastetxeek eta udalek ekitaldi telematikoa egin dute gaur, 11:30ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna dela-eta. Manifestu bateratu bat irakurri dute denon artean eta, ondoren, Ainhoa Mujikak egindako bertsoak kantatu dituzte Zaragueta eskolako haurrek.

 

Manifestu bateratua

Azaroaren 25ean, Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako eguna da. Euskal Herriko eta munduko kaleak arazo larri honen aurka beteko dira beste behin ere. Izan ere egoerak, oraindik ere, larria izaten jarraitzen du.
Zumaia, Getaria, Zarautz eta Orioko hezkuntza-komunitateko kide guztiok eta Udal teknikari eta ordezkariok, azaroaren 25ean, gizartearen aurrean indarkeria matxista ez dugula onartzen adierazi nahi dugu.
Emakumeen aurkako indarkeria agerian utzi eta injustizia hori gaitzetsi nahi dugu.

Injustizia honen aurrean ezin dugu isilik geratu; ezin dugu indarkeria onartu. Gizarte parekidea eta justua nahi dugu eta aldarrikatzen dugu.

Ezin dugu onartu emakumeek jasaten duten indarkeria, euren eskubideen urraketa. Pertsona guztion giza eskubide berdinak aldarrikatu nahi ditugu eta guk horren alde egingo dugu, etxean, eskolan eta bizitzan. Gizarte justuago bat eraiki nahi dugu!

Emakume askok egunero pairatzen du injustizia eta bazterkeria lan munduan, gizartean eta etxean. Emakume askok ez du bizi berdintasuna, parekidetasuna, lasaitasuna eta askatasuna. Baina guk aurre egingo diogu egoera horri!
Asko dira emakumeen aurkako indarkeriak eragindako biktimak, baita gure inguru hurbilean ere. Zumaia, Getaria, Zarautz eta Orioko hezkuntza-komunitateko kide guztiok emakume guztiei eta gizarte osoari esan nahi diegu halako egoera guztiak gaitzesten ditugula eta beraiekin gaituztela.

Ez dago eskubiderik indarkeriazko egoerak jasotzeko eta indarkeriazko bizimodua pairatzeko. Hemen garen guztiok esan nahi dugu indarkeria mota guztien aurka gaudela eta gizonen eta emakumeen eta mutilen eta nesken berdintasuna aldarrikatu nahi dugula.

Pertsona guztiok eskubidea dugu askatasuna, lasaitasuna, errespetua, ekitatea, justizia eta aukera berdinak bizitzeko. Eta guk horren alde egingo dugu! Pertsona guztiak errespetuz eta elkartasunez tratatzeko konpromisoa hartzen dugu.
Emakumeen aurkako indarkeriatik libre egongo den berdintasunezko gizarte bat eraikitzeko dugun konpromisoa oinarritzat hartuz, dagokigun erronka da emakume guztientzat, pertsona guztientzat bizitza aske, duin eta tratu onean oinarritutakoa egitea.

Gure gizartetik horrelako jarrerak betirako desagertzeko eta tratu onetan oinarritutako bizitza eraikitzeko lan egin behar dugu esparru guztietan: etxean, eskolan, kalean… berdintasuna landuz.

Egun honetan, tinko agertzen dugu Hezkuntza-komunitate bezala, gure konpromisoa gizarte hezkidetzaile bati dagozkion jarrerak, balioak eta oinarriak eraikitzeko, sendotzeko, barneratzeko eta horien arabera bizitzeko.

Gure konpromisoa da gure eskola guztiak hezkidetzaileak egitea eta tratu onak lantzea, pertsonarengan oinarritutako hezkuntzaren alde egitea eta indarkeriarik gabeko bizitza-eskubidea gauzatzea.

Gure konpromisoa agertzen dugu, herritar bezala, herri hezkidetzaileak eraikitzeko eta tratu onean oinarritutako, kultura, gizartea, ekonomia eta herrigintza garatzeko. Gure konpromisoa agertzen dugu, egunero, herriko gune eta ekintza guztietan hezkidetza eta bizikidetza sustatzeko, arautzeko eta betearazteko, hau da, gizartea eraldatzeko.

Guztiok elkarrekin badugu zer egin eta zer eraiki: Bakoitzak bere esparruan eta guztiok batera, hitzez eta ekintzez tratu onean oinarritutako hezkuntza eta gizartea eraikitzen. Bat eginik eta elkarrekin. Izan ere tratu ona guztiona da.