Gaur eguerdian irekiko ditu ateak Zaharren Babeslekuko tabernak

Gaur, abenduak 29, zabalduko da Zaharren Babeslekuko taberna, azken asteetan berritze-lanak egin eta gero. Udalak egindako lehiaketa irabazi ondoren, Mikel Rekarte izango da aurrerantzean taberna kudeatuko duena.

Berritze- eta prestatze-lanak nahi baino gehiago luzatu dira, hasieran uste zena baino lan gehiago egin direlako, batetik, eta, bestetik, bizi dugun pandemia-egoerak ere eragina izan duelako.

Iazko prezioak bazkideentzat

Jakina denez, Zaharren Babeslekuko bazkideek prezio merkeagoak izaten dituzte tabernan, eta Zaharren Babeslekuak jakinarazi du orain arteko prezio berberek segituko dutela indarrean gaurtik aurrera.

Taberna kudeatuko dutenak berriak direnez, bazkideek beren bazkide-txartela erakutsi beharko dute hasieran, kontsumizioak dagokien prezioan ordaintzeko.

Eguneko menua, Gabonetatik aurrera

Zaharren Babeslekuko tabernak eguneko menua eskaintzen segituko du, baina Gabonak pasatu eta gero hasiko dira horretan. Bitartean, pintxoak eta errazioak salduko dituzte, edariekin batera.

Garai berri bat hasiko da gaur, beraz, Zaharren Babeslekuko tabernan. Udalak zorterik onena opa die Mikeli eta bere laguntzaile guztiei aldi berri honetan.