Ahalduntze pertsonala eta kolektiboa eskuratzeko prozesuan, emakumeei aurrera egiten lagunduko dieten gaitasunak ikasteko eta garatzeko espazioa da Ahalduntze Eskola, eta andrazkoen saretzea bultzatzeko eta partaidetza soziala eta politikoa indartzeko jarduerak antolatzen dituzte bertako arduradunek.

2022ko lehen hiruhilekoari dagokionez, ohiko aholkularitza juridikoa mantenduko dute. Kultur etxean duten bulegoan aurrez aurreko zita hartzeko aukera izango da Garazi Pagola Ugarte eta Macarena Mugica Urbistondo adituekin, ondorengo egunetan: urtarrilaren 31n, otsailaren 28an eta martxoaren 28an, 16:00etatik 19:00etara.

Horrez gain, indarkeria matxista jasan dutenei eta haien ingurukoei zuzendutako aholkularitza- eta bidelaguntza-zerbitzua ere eskaintzen jarraituko dute. Astean hiru egunez izaten dira bulegoan: astelehenetan 16:00etatik 19:00etara, asteazkenetan 10:00etatik 13:00etara, eta ostiraletan 16:00etatik 19:00etara. Aholkularitza juridikoarekin bezalaxe, zita aurretik hartzea ezinbestekoa da.

Nokaren inguruko hitzaldia

Noka ikasi, ikusarazi eta bultzatzeko gero eta ekimen gehiago antolatzen diren honetan, Ahalduntze Eskolaren ekimenez, hizkuntzari, eta bereziki, nokari buruzko hausnarketa egingo du Garazi Eizagirrek urtarrilaren 19an, kultur etxeko areto nagusian. Noka (ber)ahoratzeko eta (agian) berresanahitzeko praktikak du izena solasaldiak, eta 18:30ean hasiko da.

Bizi dugun osasun-egoeraren eraginez, aurretik izena eman beharko da 623178553 telefonora deituta, whatsapp bidez, ahalduntzeeskola@orio.eus helbidera idatzita edo bulegoan bertan.

Informazio osagarria Ahalduntze Eskolaren sareetan duzue eskuragai.