Ordenantza berriak baimenduta, Orioko erretegiek aukera dute terrazan egitura erdi-finkoak jartzeko

Udalak azken urteetan egindako gogoetaren eta lanketaren emaitzak biltzen ditu urte hasieran jendaurrean aurkeztu zen Biziberritze Planak. Bertan, herriko parrillak Orioren nortasun-ikurtzat hartzen dira. Horregatik, herrian geratzen diren azken parrillak babesteko eta jarduera hori berreskuratzeko, terrazen ordenantza berriak baimena eman die erretegiei terrazan egitura erdi-finkoak jartzeko.

Parrillak, Orioko herriaren ikur

Orioko merkataritza-, turismo- eta ostalaritza-sektoreak etengabe egokitu behar izaten du, kalitatezko zerbitzua eta arreta eskaintzeko. Errealitate berriari aurre egiteko, Udalak terrazen ordenantza berria aurkeztu zuen 2021. urtearen bukaeran, Biziberritze Planaren gidalerroekin bat eginez; ordenantza berria, hain zuzen, herriko nortasun-ikurrak eta erakargarritasuna mantentzeko estrategia orokorraren baitan kokatzen da.

Honenbestez, parrillak dituzten erretegiak jarduera berezitzat hartzen ditu ordenantzak, udalerriaren jarduera ekonomikoaren suspertzaile direlako. Eta, salbuespen modura, terrazetan egitura erdi-finkoak jartzeko baimena ematen die. Gaur egun herriko hiru erretegiri eragiten die ordenantzak: Xixario, Sarasua eta Joxe Mari. Xixario erretegiak bazuen halako egitura bat lehendik, eta orain beste biei ere eman zaie baimena instalatzeko.

Herriko beste erretegiei ez die eragiten terrazen ordenantzak. Orioko Barra udal kontzesioa da, eta, horrenbestez, beste araudi baten barruan dago. San Martinek eta Bodega Katxiñak, aldiz, ez dute bide publikoa okupatzen. 

Txinparta-hotsak, ikatzaren keak eta arrain edo haragi errearen usainak betetzen ditu Orioko kaleak: herriaren bereizgarri dira parrillak. Zoritxarrez, kaleko parrillak desagertuz joan dira azken urteetan eta, horrekin batera, herriaren nortasunaren ikurretako bat. Ordenantza berriaren helburua dauden erretegiak babestea da, eta jarduera berreskuratu nahiko luketenei aukera erakargarriago egitea.

Izan ere, ostalaritzak eragin zuzena du turismoan, eta herrira bisitan datozenak ohiko bezero dira erretegietan. Horregatik, herriaren nortasuna erdigunean jartzeko aukera eskaintzen dute erretegiek, Orioko ondare immateriala —herritarren nortasuna— bistaratzen dutelako. Funtsezkoa baita alojamenduetan, ostalaritzan eta merkataritzan ere herriaren nortasun-ikurrak zaintzea eta elikatzea.