Miriam Garcia: «Euskaraldiarekin ilusioa eta kalea berreskuratzeko urtea izango da»

Urola Kostako Udal Elkarteak eta Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak lankidetza-hitzarmena sinatu zuten ostiralean, apirilak 1, Euskaraldiaren hirugarren edizioaren harira. Ekimena dinamizatzeko eskualdean kontratatu dituzten hiru pertsonen berri eman zuten aurkezpenean: Orio eta Aiaren kasuan, Miriam Garcia izango da arduraduna. Getaria eta Zumaiakoa, Peru Tolosa izango da, eta Zarauzkoa, berriz, Eder Iturralde.

Euskaraldiaren hirugarren edizioa azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da, eta antolatzaileen hitzetan, hitzaren eta ekintzaren urtea izango da, eta hizkuntza-ohiturak goitik behera astintzea izango dute helburu.

Miriam Garcia, Orion

Orioren eta Aiaren kasuan, Miriam Garcia arduratuko da herritarrak aktibatzeaz eta entitateekin elkarlana indartzeaz. «Herritarrak piztea izango da aurtengo erronka nagusia. Jendea gogoz dago, baina momentu zailak igaro ditugu, eta ilusioa eta kalea berreskuratzeko urtea izango da», nabarmendu du. Euskaraldiak herrian duen indarraren jakitun da, eta horren erakusle da pasa den martxoaren 24an egin zuten lehen bilera irekia. Aste Santuaren ondoren izango da bigarrena.

«Aurtengoa euskararen urtea izango da: 22. Korrika udaberrian, Bertsolari Txapelketa Nagusia udazkenean eta Euskaraldia azarotik abendura», gogoratu du. «Apar hori aprobetxatu behar dugu, eta pandemiagatik bigarren mailan geratu ziren ariguneak indartu; Euskaraldia ariketa kolektibo bat da, eta ezinbestekoak ditu herritarren lankidetza eta elkarlana».