Orioko hiribildua sortu zenetik, herriaren norabidea finkatu duten aldagaietako bat ontzigintza izan da. Oria ibaiaren erriberan ontziola ugari sortu ziren XVI. mendetik aurrera, eta sektore horrek mendeetan izandako gorabeherak azaldu ditu hitzaldian Odriozolak. Izan ere, Gipuzkoako ontzigintza izan du aztergai bere doktore-tesian, eta Oria ibaian ikerketa ugari egin ditu.

Bere hitzetan, Oriak ontzigintza indartsu bat garatzeko ezaugarri guztiak biltzen zituen, eta gainera, ezaugarri geografikoetatik harago, beste aldagai garrantzitsu bat ere bazuen: ontziolak sustatzen zituzten ekintzaile pribatuak. Bereziki, Miguel Antonio Mutiozabal ontzigintzaren ibilbidea nabarmendu du Odriozolak, garai berrietara moldatzen jakin zuelako eta Euskal Herrian eraikitako lehen baporea itsasoratu zuelako Orion.

Peronak, bere aldetik, Vicente Joseph de Segura ekintzailearen lana nabarmendu du. 1875ean lehen ontziola pribatua eraiki zuen, marea-dikea. Guztiz berritzailea zen ekimena, ordura arte, sektorean aritzen ziren artisau, errementari, arotz eta bestelako langileak batetik bestera joan behar izaten zutelako lanera, eta marea-dike ontziolak joan-etorri horiek saihestu zituen.

Hain zuzen, Peronak aurkitu zituen Mutiozabaleko plano originalak; garai hartako ontzien plano bakarrenetakoak dira. Agiri horiei esker lortu du ontzi zaharren erreplikak eraikitzea, eta gaiaren inguruko ikerketa ugari egin ditu.

Lotura honetan ikus dezakezue saioaren bideoa.