'Heroiak' antzezlana izango da kultur etxean martxoaren 2an

Ramon Agirre, Kandido Uranga eta Jose Ramon Soroiz protagonista dituen 'Heroiak' antzezlana ikusteko aukera izango da Orioko kultur etxean martxoaren 2an, ostiralarekin. Emanaldia 22:00etan hasiko da eta sarrerak 5 euro balio du.

Kultur etxeko aretoaren aforoa mugatua denez, 120 txartel jarriko dira salgai eta, beraz, antzezlana ikusi nahi dutenek hobe dute garaiz ibili eta sarrerak aldez aurretik hartzea. Dagoeneko eros daitezke, kultur etxera joanda.

Barre egiteko antzezlana

Antzezlan komiko honek dagoeneko bidea egin du Euskal Herriko antzokietan, eta harrera ona izan du. Egilea Gerald Sibleyras idazle eta aktore frantziarra da eta lan honek 2006ko Lawrence Olivier komedia saria irabazi zuen. Antzezlanaren zuzendaria Begoña Bilbao Lejarzegi da.

Hiru gerra-beteranoren gorabeherak

Zahar egoitza batean bizi dira hiru gerra-beterano, bizitzari so. Zahar egoitza berezia da, gerran soldadu aritu direnentzako propio sortua. Enrikek errenka egiten du, Gustabok agorafobia du eta Felipek zorabioak izaten ditu sarri, buruan txertatuta geratu zitzaion metraila puska baten erruz... Gerraren ondoriak.

Gure hiru heroiek (harrizko txakur baten estatua txiki bat kontatuz gero, lau) zahar egoitzatik ihes egitea erabaki dute. Baina nora? Indotxinara? Gertuko herri batera? Edota haizeak gogor astintzen duen mendi tontorrera?