Uda sasoian hondakinak gaika sailkatzen jarraitzeko kanpaina egingo du Udal Elkarteak

Urola Kosta Udal Elkarteak indarrean jarri duen Hondakinak Biltzeko Zerbitzua uda begira jarri da, hilabete hauetan etorriko diren bisitariei hondakinak egoki sailkatu behar dituztela ohartarazteko eta bide batez, orain arteko sailkatze datuak mantentzeko. Prentsaurrekoan Igor Iturain UKUEko presidentea eta ordezkaritza politikoa daukaten taldeetako ordezkariak izan dira.

Udal Elkartearen egoitzan aurkeztu dute Urola Kostako Udal Elkarteko Hondakinak Biltzeko Zerbitzuak ekainean abian jarri duen Udako kanpaina, eta bide batez, hondakinak biltzeko sistema berriaren ezarpen fasea amaitutzat eman dute. Hemendik aurrera, ohiko lanean murgilduko da “zerbitzua kudeatuz, hobetzen jarraitzeko berrikuntzak aztertuz edota herritarren zalantzak, iradokizunak eta antzekoak erantzunez. Lehenengo hobekuntzak, ekainean eta uztailean izango direla aurreratu dute.

Udako kanpaina

Aurrez, ordea, Udako kanpaina aurkeztu dute. Jakina da Urola Kostan turismoak eta aisialdiak pisu handia dutela. Urteko sasoi honetan biztanleria nabarmen handitzen da eta neurri berean ugaritzen da sortutako hondakin kopurua ere. Errealitate horri erantzuna eman nahian, bisitarientzako euskarria argitaratu du UKUEk. Urola Kostan Bagoazz! Egin bat gurekin-Recicla con nosotros izeneko esku-orria turismo bulegoetan, kanpin, hotel, landetxe eta apartamentu turistikoetan egongo da eskura.

Gaurko agerraldian azaldu dutenez, euskarriaren helburua bikoitza da. “Batetik, gure eskualdean hondakinak sailkatzeko konpromisoa tinkoa dela erakutsi nahi dugu. Eta bestetik, bisitariei konpromiso bera har dezaten eskatu nahi diegu”. Lau hizkuntzatan argitaratuta, batez ere hondakinak bereizteko aholkuak jasotzen ditu, beti ere turistei zuzenduta.

UKUEko ordezkariek turismo sektoreko eragileen inplikazioa eskertzeko baliatu dute prentsaurrekoa. “Beren ekarpenarekin bultzada handia emango diote Hondakinak Sailkatzeko Sistema Berriari. Bozgorailu lana egingo dute, eta ez da gutxi. Emaitza uda amaituta ikusiko da, baina guk bisitariak inplikatuko direla uste dugu. Edozein modutan, datozen Aste Santu edo udaretarako irakasgai gisa baliagarria izango zaigu aurtengoa”.

Esku-orriaren osagarri, Urola Kostako taberna eta dendetan "Hemen hondakinak sailkatzen ditugu. Egin bat gurekin/Recicla con nosotros" lelodun pegatina banatuko da. Esku-orriak bezala, Urola Kosta hondakinak sailkatzen dituen eskualdea dela jakinarazi nahi die bisitariei. Kasu honetan, ordea, beste urrats bat bilatzen dela adierazi dute. “Pegatina jartzen duen komertzioa, taberna edo dena delakoari prestigioa eman nahi diogu. Nolabaiteko ziurtagiri moduko bat da, jendaurrean hondakinak sailkatzeko konpromisoa hartu eta betetzen duela jakinarazten lagunduko diogu. Haratago joanez, ingurumenarekiko errespetuzko jarrera”, aipatu dute.

Emaitzen berri herritarrei

Otsailean martxan jarri zen hondakinak biltzeko sistema berriak amaitu du ezarpen fasea eta momentua aprobetxatu nahi izan dute hondakinen bilketa-datuak herritarrei helarazteko, urtarriletik apirilaren amaiera bitarteko behin betiko datuak. "Horretarako esku-orri bat banatuko dugu datorren astelehenetik aurrera (ekainak 18) etxebizitza guztietako postontzietan. Bertan, herritarrak, merkatariak, ostalariak eta enpresariak zoriondu egiten ditugu, aurrerantzean hilabete hauetan erakutsita konpromisoarekin eta jarrerarekin jarraitzeko eskatuz; sailkatutako hondakinen datuak ematen ditugu; eta azkenik, hondakin ibilbidea zein den azaltzen diegu”.

Bilketa zerbitzu guztien datuak kontuan hartu eta hilabete bera alderatuz gero (2017ko eta 2018ko apirila) ondo sailkatutako hondakinen ehunekoa 25 puntu igo da: 2017ko apirilean hondakin guztien %47,04 bildu zen ondo sailkatuta eta 2018ko apirilean, berriz, %72,52.

Hondakinak biltzeko sistemaren emaitzak egonkortzen ari dira, izan ere sistema berria ezarri den bi hilabeteetan, martxoan eta apirilean, emaitza antzekoa izan da (%70 inguru bildu da sailkatuta; behin betiko datuak dira). Maiatzeko behin-behineko datuek ere berretsi egiten dute joera hori.

Hobekuntzak ekainean eta uztailean

Ezarpen fasea amaituta, hainbat hobekuntza egingo ditu Udal Elkarteak ekainean eta uztailean hondakinak biltzeko zerbitzuetan. Hauek dira: bilketa zerbitzuak indartu egingo ditu, hainbat bilketaren maiztasuna handituz; organikoa eta errefusa jasotzeko edukiontzietan pedalak jarriko ditu, irekitzea errazteko –ekainean eta uztailean zehar egingo da lan hori–; hondakin gehien jasotzen duten puntuetan hirugarren garbiketa edo aurre bilketa bat egingo da, eguerdian –une honetan bi garbiketa edo aurre bilketa egiten dira, bata goizean eta bestea arratsaldean–; poliespana eta egurrezko kaxak biltzeko proiektu pilotua jarriko da martxan mota horretako hondakinen kopuru handi samarrak sortzen dituzten merkatari eta ostalarientzat; eta azkenik, hondakinak biltzeko zerbitzuetan kamioi eta ibilgailu berriak jarriko dira ekainean.