Marka berriaren aurreneko agerraldia joan den astean izan zen, Udalak eta Arkupek Eusko Gudari kalearen hasierako atun-sardaren eskultura aurkeztu zutenean. Eskultura Jokin Eizagirre usurbildarrak egin du eta 10 atun irudikatzen ditu, sardan, Eusko Gudari kale aldera igerian doazenak. Xixario erretegiaren aurre-aurrean kokatuta dago eskultura, kalea hasten den tokian, eta garai batean arrantzaleen sotoak izandako eraikinaren fatxadan dago jarrita.
Jokin Eizagirre eskultoreak zenbait proposamen landu zituen eta Arkuperi atun-sardarena gustatu zitzaion gehien. Udalak ere ontzat eman zuen eta abenduaren 20an egin zen horren instalazioa.
Eskultura atun-latez osatuta dago eta, ikusgarriago egiteko, argiak eta soinu-efektuak izan ditu aurreneko egunetan. Arrain bakoitzak 3 metroko luzera du eta hamar arrain dira guztira, sarda bat osatuz. Egileak atun-sardaren irudia aukeratu du, batetik, oso ondo uztartzen delako herriaren marinel izaerarekin; eta, bestetik, ederki irudikatzen duelako merkatariek eta Udalak lortu nahi dutena: guztiek batera igeri egitea, sardan, helburura iristeko.
Gabonak aurretik jarri bada ere, ez da opor-garairako prestatutako eskultura, baizik-eta urte osoan bertan egongo dena.
Eskultura egin eta instalatzearen kostua, guztira, 15.900 eurokoa izan da, eta Udalak 12.000 euroko diru-laguntza jaso du horretarako.
Hirigune programaren diru-laguntza
Eskultura jartzeko, Hirigune izeneko programaren diru-laguntza deialdia baliatu du Udalak. Eusko Jaurlaritzak kale komertzialak apaintzeko ematen duen diru-laguntza lerro bat da Hirigune programa, eta aurreko urtetan ere eskatu izan du Udalak (diru-laguntza horren bidez apaindu ziren, esaterako, orain dela urte batzuk, Eusko Gudari kalearen eta Arrantzale kalearen arteko bi tunelak).
2019rako Aita Lertxundi kaleko espaloiak-eta berritzeko lanak egin nahi ditu Udalak, Hirigune programaren laguntza horiek baliatuz.